Abenduan Mada Masr-k argitaratutako ikerketa batek Gazako Zerrendan ezarritako monopolio-sistema bat utzi du agerian. Funtzionamendu horri esker, Egiptoko eta Palestinako enpresari kolaborazionisten sare batek 1.000 milioi dolar baino gehiago lortu ditu bi urtean, Gazara oinarrizko produktuak sartzeagatik. Eskema hori, "ondasunen koordinazio" bezala ezagutzen dena, sionisten azken ofentsibaren lehen hilabeteetan sortu zuten, 2023ko udazkenean, eta Israelen kontrolpean mantentzen dute. Tartean dira Ibrahim al-Argany handikiaren jabetzakoa den Sinaiko Semeak enpresa, egiptoar lerroa menderatzen baitu Rafahko bidegurutzetik.
Mekanismoari hasiera ematean, estatu genozidak Palestinako bost konpainiari soilik eman zien Gazara produktu komertzialak inportatzeko baimena, Sinaiko Semeak enpresarekin elkarlanean. Saltzaile gazatarrei 10.000 eta 25.000 dolar artean kobratzen zizkieten kamioi bakoitzeko, eta Arganyren enpresak, berriz, 13.000 dolar gehiago eskatzen zituen produktuak garraiatu eta biltegiratzeagatik. 2024an, Ramadanean bildu ostean Palestinako merkatari batzuk kexartu zirenean, Arganyk hitzeman zuen zerrenda zabalduko zuela, eta handik gutxira, baimendutako 25 enpresa izatera pasatu ziren. Israelek 2024ko maiatzean Rafah okupatu zuenean, sistema horrek bilakaera bat izan zuen, laguntza humanitario gisa ezkutatu baitzuten merkataritza-ondasunen ibilbidea. Hala, momentu batzuetan, 150.000 dolarreraino igo zituzten kamioi bakoitzari ezarritako tarifak.
Funtzionamendu horrek larriagotu egin du Gazako elikadura-krisia, oinarrizko elikagaien prezioak %1.000 baino gehiago igo baitira zenbait unetan, Elikagaien Munduko Programaren arabera. Irabaziak bitartekari egiptoarren artean banatzen dituzte, logistika eta segurtasuna kontrolatzen dutenak, Aqsa barne. Arganyrekin loturak ditu konpainia horrek, eta Amr Hadhoudek nahiz enpresa sionista batzuek zuzentzen dute. 2025eko urtarrileko "su-eten" laburrean, Sinaiko Semeak enpresak 177 milioi dolar inguru eskuratu zituen "koordinazioari" esker.
Testuinguru zabalago batean, irabaziak ematen dituen kontrol-sistema horrek islatzen du blokeo israeldarrak, boteretik gertu dauden interes pribatu egiptoarrekin konbinatuta, nola bihurtzen duen negozio gazatarren desesperazioa. Bitartean, nazioarteko erakunde humanitario batzuek eskema horretan parte hartzeari uko egiten diote gizatasun-printzipioak urratzen dituelako, Gaza Humanitarian Foundationen kasu polemikoan bezala; AEBek eta Israelek kontrolatzen dute, eta palestinarrak "banaketetan" hiltzeagatik seinalatyu dute. Iturri independenteek nabarmentzen dute estatu sionistak, zifrak puzteko, "laguntza" gisa erregistratzen duela dena.