Azaroak 25 ditu, eta Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna da. Aurreko urteetan bezala, goizetik ekin diete mobilizazioei Euskal Herriko hamaika txokotan: Ikasle Abertzaleakek antolatuta, ikastetxeetan mobilizatu dira ikasleak, eta Unibertsitateko Indar Batasunak eta campusetako emakume taldeek —Arrakala, Lorratz, Saretu, Bilbouniko Emakume Taldeen Koordinadora eta Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldea— deituta, Hego Euskal Herriko hainbat campusetan izan dira manifestazioak. Emakume langileen antolakuntza politikoa aldarrikatu dute guztietan.
Unibertsitatearen fartsa
Campusetako mobilizazioetan, zehazki, "unibertsitatetik saldu nahi diguten berdintasunaren fartsa" salatu dute. Unibertsitatearen helburua, "hezkuntzako beste edozein instituziorena den bezala, egungo gizarte eredua erreproduzitzea" dela azpimarratu dute; alegia, "gizartearen baitako harremanak bere horretan mantenduko direla bermatzea". Seinalatu dute, beraz, unibertsitatetik "berdintasun politikak garatzearen atzean" dagoena "aurpegi garbiketa bat" dela, eta, beraz, politika horiek "ezintasun eta interes falta garbi bat" dutela "indarkeria matxistari aurre egiteko".
"Horregatik, bien bitartean, unibertsitateko emakume langileok, langile klaseko gainontzeko sektoreekin batera, ezin dugu eskuak gurutzatuta itxaron instituzio burgesek erantzun dezaten", esan dute campusetako emakume taldeek gaurkoan: "Ezinbestekoa da klase batasunaren printzipiopean instituzio burges orotatik kanpo antolatzea, klase batasunaren bitartez antolatu behar dugu indarkeria matxistaren aurkako borroka, hori baita emakume langileon askapenaren aldeko borroka muturrera eramateko gaitasuna izango duen antolakuntza forma bakarra". "Urgentziazko egoera honetan, gaurdanik jardun behar dugu eraso ororekin amaitzeko borroka antolatzen; eraso horiei erantzuten eta berriro gertatu ez daitezen baldintzak sortzen, eta langile klaseko kideak gara horri aterabidea eman ahal diogun bakarrak", gaineratu dute.
Euskal Herriko Unibertsitate Publikoko (EHU/UPV) bost campusetan —Bilbo (Bizkaia), Leioa (Bizkaia), Gasteiz (Araba), Eibar (Gipuzkoa) eta Ibaeta (Donostia, Gipuzkoa)—, Bilboko Deustuko Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (Iruñea, Nafarroa) egin dituzte mobilizazioak gaurkoan unibertsitateko ikasleek.
Lana hamaika ikastetxetan
Ikastetxeetan ere goizetik hasi dira aldarrikapenekin, Indarkeria matxistaren aurrean, emakume langileon antolakuntza lelopean. Hego Euskal Herriko 60 ikastetxe baino gehiagotan antolatu ditu IAk elkarretaratzeak nahiz indarkeria matxistari buruzko hitzaldiak.
Indarkeria matxistaren auziak "larritasuna" duela eta horren aurrean erantzutea "nahitaezkoa" dela gogorarazi du IAk gaurkoan, eta esan du "beharrezkoa" dela "erantzun hori ikastetxeetatik ere antolatzen hastea". Xehatu du, bestalde, azaroaren 25a ezin dela izan "indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzeko egun bakarra"; "kontrara, azaroaren 25ak gaur egun indarkeria matxistak duen larritasunaz ohartzeko eta antolakuntzara batzeko dugun eginbeharraz jabetzeko eguna izan behar da". "Gaurdanik hasi behar gara emakumeon askapenerako baldintzak sortzen", gaineratu du.
Iluntzean, Itaiaren mobilizazioak
Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, bestalde, iluntzean egingo ditu mobilizazioak, Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki aldarripean. Inoiz baino deialdi gehiago egin dituzte Itaiako kideek: Euskal Herri osoko 29 herritan aterako dira kalera. Ikusi hemen deialdi guztiak.
Orain arteko argazkien galeria eguneratzen ari gara