AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/12/22 16:56

Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak duela zortzi hilabete jarri zuen martxan, besteak beste, elikagai bilketa bat, "sindikatura gerturatzen zen jendearen" oinarrizko elikadura bermatzeko. Orain arte 50 pertsona inguruk jaso ahal izan dituzte elikagaiak abian zen biltegitik. Dena den, azken bi hilabeteetan hausnartu ostean, urrats berri bat egin eta emaitza berria aurkeztu dute sindikatuko kideek: Gasteizko Elkartasun Biltegia. Gaur goizean aritu dira, esaterako, elikagaiak biltzen Gasteizko hainbat puntutan.

Bi ondorio politiko atera dituzte zortzi hilabeteotako ibilbidetik: batetik, beharrezkoa zela "biltegiaren proiektua handitzea eta zabaltzea" eta, bestetik, funtsezkoa dela gaur egun "pobreziaren kontzeptua" birdefinitzea. Izan ere, gaur egun, "elikagaien gabezia totalak" baino, elikadurari dagokion pobrezia "elikaduraren kalitate eskasak" ezaugarritzen duela ondorioztatu dute sindikatuko kideek.

BILTEGIA, IGANDEETAN IREKITA

Hausnarketa horiek oinarri hartuta, proiektua garatu eta argitara atera dute: "Gasteizko Elkartasun Biltegia etxebizitza problematikatik askatu eta ireki egingo dugu", diote sindikatuko kideek. Igandero izango da zabalik, eta harrera ordu bat ezarri dute "elikadurarekin arazoak dituzten pertsonak bertaratu daitezen eta proiektuan parte hartu dezaten"; hain zuzen, 16:00etan Gasteiz Txiki elkartean.

Gogoeta fasean pentsatu bezala, bi material multzo eskainiko dira Elkartasun Biltegian: "oinarrizko otarra", bestelako elikagai iturririk ez duten pertsonentzat, eta "otar extra", beste zenbait iturri izan arren "elikadura urria duten pertsonentzat".