AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/07/21 10:52
Elikagaien prezioen indizeak marka historikoak hautsi ditu ia lehengai guztietan, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) eskainitako azken datuen arabera. 2022ko martxoan 159,3 puntuan kokatu zen batez beste, hau da, otsailean baino 17,9 puntu gehiago (% 12,6). Nazio Batuen agentzia espezializatuaren sorreratik, 1990etik, erregistratu den jauzirik altuena litzateke. Hein batean, landare olioen, zerealen eta haragiaren azpiindizeetan erregistratutako maximo historikoek puztu dute.

Elikadurarako lehengaien garestitzeak aurretik datozen joerak are larriago bihurtzea aurreikus daiteke. Izan ere, erakunde berak 2020an egindako ikerketa baten arabera, giza kontsumorako ekoitzitako elikagaien heren bat alferrik galtzen da munduan, gutxi gorabehera 1.700 milioi tona urtean. Bitartean, munduan ia 690 milioi pertsona (munduko biztanleriaren %8,9) azpielikatuta zeuden 2019an. 2014an baino 60 milioi pertsona gehiago dira, %8,6koa baitzen aurreko ehunekoa. Gainera, munduko biztanleriaren %16k, edo 1.250 milioi pertsonak baino gehiagok, "maila moderatuko" elikadura ziurgabetasuna izan dutela dio FAOk, alegia, ez dutela behar adina elikagai modu erregularrean eskuratzeko aukerarik izan edo eskuratutako elikagai asko ez zirela nutritiboak.

Zerealak

FAOren azken txostenen arabera, zerealen prezioen batez besteko indizea 170,1 puntuan kokatu zen martxoan, hots, 24,9 puntuko igoera ( % 17,1) izan zuen otsailarekin alderatuta. Datu orokorren moduan, 1990. urteaz geroztik izandako igoerarik bortitzena da.

Landare olioak

Landare jatorriko olioen prezioen merkatuko batez besteko indizea 248,6 puntukoa izan zen martxoan, hau da, 46,9 puntu igo zen (% 23,2) otsaileko emaitzekin alderatuta. Marka berria ezarri du, itxuraz, ekilore, palmondo, soja eta koltza olioen prezioen igoerak bultzatuta. Merkatu horietan ere Ukrainako gatazkak agerian utzi du horniduraren eta prezioen oreka hauskorra.

Esnekiak

Esnekien salneurrien indizeak 145,2 puntuko batez besteko igoera izan zuen martxoan, hau da, 3,7 puntu gehiago ( % 2,6) otsailetik martxora. Produktu horien salneurriak zazpigarren hilabetez jarraian egin du gora, eta duela urtebete baino 27,7 puntu ( % 23,6) handiagoa da.

Haragia

Haragiaren prezioen indizea 120,0 puntukoa izan zen batez beste martxoan, hau da, 5,5 puntuko igoera (% 4,8) jasan zuen otsailetik. Beraz, maximo historikora iritsi zen hori ere. Martxoan, txerri-haragiaren prezioek 1995az geroztik izandako hileko igoerarik nabarmenena jasan zuten, eta gauza bera gertatu zen etxeko hegazti zein behi-haragiekin.

Azukrea

Azukrea ere ez da salbuetsita geratu. 117,9 puntuko batez bestekoa izan zuen martxoan, hau da, otsailean baino 7,4 puntu gehiago (% 6,7). Beraz, aurreko hiru hilabeteetako jaitsierari buelta eman eta iazko hil berean erregistratutakoa baino %20 handiagoa izan zen.

EZ DAGO IRUZKINIK