AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/03 12:47

Maiatzaren amaieran jakinarazi zuen Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak noiz eta non izango den ikasturte honetako jardunaldi nazionala: Legution (Araba) jarri dute hitzordua, ekainaren 15erako. Emakume langileon borrokaren inguruko eztabaida eta hausnarketa politikoa izango dira nagusi, eta aisialdiko zenbait ekimen ere prestatu dituzte.

Egitarau zehatzaren berri eman du jadanik Itaiak, eta, ohi bezala, hitzaldiak egingo dituzte egun guztian zehar. Bi saio izango dira 10:30ean, aldi berean: Klasea eta generoa aztergai. Feminismo marxistari kritika, batetik, eta Itaia emakume langileon borrokarako tresna: sozialismoaren eraikuntza eta emakumeon politizazioa, bestetik. Horren ostean, 12:30ean, hitzaldi nagusi bat izango da: Emakume langileon frontea estrategia komunistaren baitan: analisi historikotik proposamen gaurkotura.

Bazkaltzeko tarte bat hartuko dute goizeko hitzaldien ondoren, eta azken saio batekin itxiko dute aurtengo sorta. 16:30ean, hain zuzen ere, mahai-inguru bat eskainiko dute: Kultura erreakzionarioaren gorakada eta emakume langileon egiteko politikoak.

Iluntzean, 20:00ak aldera, ekitaldi politiko bat egingo dute Itaiako kideek, eguna biribiltzeko. Hori eta gero, kontzertu batez gozatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek: Gozzue eta Katu taldeak arituko dira Legution, eta horren ondotik Salda Dago DJek girotuko dute gaua.

EZ DAGO IRUZKINIK