AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/02/11 21:53

Iruñean (Nafarroa) bi eraso atera dira argitara azken egunetan. Batetik, aurreko asteazkenean, emakume bati eraso egin zion haren bikotekideak eta larri zauritu zuen; bestetik, emakume bat bortxatu zuen gizonezko batek, atari batera joatera behartu ostean.

Gasteizko (Araba) Zabalgana auzoan ere eman dute eraso baten berri: joan den asteartean emakume baten etxera sartu zen haren bikotekide ohia, bortxaz.

Iruñerriko Itaiak eta Gasteizko Itaiak protestara dei egin zuten gaurko, osteguna, eraso horiek salatzeko. Hala, ehunka lagunek egin dute bat deialdiekin, eta jendetsuak izan dira Arabako nahiz Nafarroako hiriburuetan Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean egindako elkarretaratzeak.

Itaiako kideek azaldu dute "eguneroko ogia" direla "emakume langileon aurkako erasoak", eta horren isla direla salatu diren azkeneko erasoak ere. "Etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa duen ideologia matxistak, biolentzia matxistaren testuingurua du ondorio eta, egoera horretan, norma kultural bilakatzen da emakumeok zapalkuntza forma anitzak pairatzea", esan dute.

"Indarkeria matxista gainditzeko erantzun eraginkorrak garatzea ezinbesteko lana dugu", nabarmendu dute gaurkoan Itaiako kideek. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute "emakume langileon aurkako erasoak gauzatzen dituzten figurak seinalatzea", baita "egoera horietatik askatzeko beharrezko baliabide ekonomiko eta sozialak garatzea" ere. "Horretan lanean jarraitzeko hautua" berretsi dute Gasteizko Itaiak eta Iruñerriko Itaiak.