AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / BFMTV
2023/03/21 09:37

Joan dena ere protesta jendetsuz beteriko gaua izan da Frantziako Estatuan. Gauean, jendetza irten da berriz kalera, erretretaren erreformaren kontra protesta egitera. Polizia-indarrek berriz egin dute gogor euren kontra: hainbat hedabideren arabera, Parisko zenbait gunetan, istiluen aurkako polizia-agenteek motoak erabilita jarraitu dituzte protestan zeuden pertsonak. Parisen soilik, gutxienez 171 lagun atxilotu dituzte bart.

Marseillan, Toulousen, Bordelen, Montpellierren, Nancyn eta Estrasburgon ere izan dira protestak. Dirudienez, Marseillako Prefekturan sartzen saiatu dira hainbat eta hainbat manifestari, baina euren kontra oldartu dira poliziak. Bordelen, negarra eragiteko gasa erabili dute berriz protestan zeudenen kontra, aurreko egunetan hainbat tokitan egin modura.

Parisen soilik, 600 inguru dira azken egunetako protestetan polizia-indarrek atxiloturiko pertsonak. Datorren ostegunean greba orokorra izango da Frantziako Estatu osoan; urtea hasi zenetik, bederatzigarrena.

Zentsura mozioak, ezerezean

Gobernuak dekretu bidez erreforma inposatu bezain pronto, zentsura moziora joko zuela jakinarazi zuen oposizioak. Azkenean, bi mozio aurkeztu zituzten: Marine Le Pen buru duen eskuin muturrak bat, eta Bertrand Pancherrek gidatutako LIOT alderdiak beste bat. Atzo arratsaldean izan zen bozketa Asanblea Nazionalean, eta ozta-ozta izan bada ere, biak gainditu ditu gobernuak. Beraz, ezerezean geratu dira mozioak. Beharrezkoak ziren 287 botoetatik, 278 lortu zituen LIOTen ekimenak eta 94 Le Penen alderdiarenak.

Konstituzioko 49.3 artikulua aplikatuta gobernuak inposatu dituen neurri berriekin, nagusiki, 62 urtetik 64 urtera atzeratu nahi dute erretiroa hartzeko adina.

Ikusi hemen 'Burdin Hesia' programaren denboraldi honetako 11. saioa, erretretaren erreformari buruz:


EZ DAGO IRUZKINIK