AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Philippe Lopez/AFP (La Vanguardia-ren bidez)
2023/03/20 09:31

Emmanuel Macronek gidatutako gobernuak aurreko ostegunean baieztatu zuen: Senatuan erretretaren erreformaren aldeko gehiengo bat lortu eta behin betiko bozketa egin ondoren, parlamentu-bozketa ekidin du Asanblea Nazionalean. Ganbera horretan ostegun arratsaldean bozkatu behar zuten erreforma, baina urrats hori saihestu du gobernuak, konstituzioko 49.3 artikulu autoritarioaz baliatuta eta neurri berriak zuzenean dekretu bidez inposatuta. Momentuz, beraz, gobernuak parlamentu-bozketarik egin gabe atera du aurrera erreforma.

Hautsak dagoeneko nahiko harrotuta ez bazeuden, are gehiago harrotu ditu azken jakinarazpen horrek. Izan ere, ostegunetik hona, egunero izan dira protesta jendetsuak eta istiluak Frantziako hiri ugaritan, batez ere, Parisen. Parisen soilik, gutxienez 400 dira azken egunetako protestetan polizia-indarrek atxiloturiko pertsonak, baina atxiloketak izan dira Marseillan, Toulousen, Nantesen nahiz Gapen ere. Izugarria ari da izaten polizia-indarren hedatzea, eta negarra eragiteko gasak zein ur kanoiak erabili dituzte manifestarien kontra. Asteburuan, gainera, autoritateek debekatu egin dute Parisko Konkordia plazan eta Eliseoko zelaietan manifestazioak egitea.

Datorren ostegunean, martxoaren 23an, greba orokorra izango da berriz estatu osoan. Urtea hasi zenetik egingo den bederatzigarren mobilizazio egun handia izango da. Erreformaren bidez, nagusiki, erretiroa hartzeko adina 62 urtetik 64 urtera atzeratu nahi du gobernuak.

Zentsura mozioak, mahai gainean

Gobernuak 49.3 artikulua ezarriko zuela jakinarazi eta hurrengo egunean, bi zentsura mozio aurkeztu zituen oposizioak: Marine Le Pen buru duen eskuin muturrak bat, eta Bertrand Pancherrek gidatutako LIOT alderdiak beste bat. Gaur bozkatuko dituzte mozioak Asanblea Nazionalean, eta ikusteke daude ondorioak. Zentsura mozio batek bidea egiteko eta gobernua agintetik kentzea lortzeko, gutxienez 287 boto bildu beharko lituzke. 577 parlamentari dira denera.

Ikusi hemen 'Burdin Hesia' programaren denboraldi honetako 11. saioa, erretretaren erreformari buruz:




EZ DAGO IRUZKINIK