Gaur bete dira 50 urte Francisco Franco hil zenetik, eta horren harira, Intxorta mendian (Elgeta, Gipuzkoa) egin du aldarrikapen-ekintza bat Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS). Diktadore faxista zintzilik ageri den afixa bat osatu dute hainbat zatirekin, eta honakoa irakur liteke bertan: "Horrela amaitzen da diktadura batekin. No debió haber muerto en la cama".
Mugimendu Sozialistako antolakundeak salatu du Espainiako Trantsizioak ez zuela frankismoarekin erabateko hausturarik ekarri, eta horren adibidetzat jo ditu, besteak beste, bere horretan mantendu izana frankismoan zehar indartu zen egitura ekonomiko kapitalista; mugimendu iraultzaileen aurkako errepresioak jarraitzea; eta langileriari autodeterminazio eskubidea ukatzea.
Sare sozialetan zabaldutako bideo batean, EHKSk seinalatu du 78ko erregimena deiturikoak ez duela faxismoaren gorakada geratzeko balio. Hain zuzen ere, horri aurre egiteko modu bakartzat hartu ditu "borroka eta antolakuntza". Horrekin batera, elkartasuna adierazi die frankismoaren aurkako borrokan "heriotza, kartzela eta torturak" jasan zituzten guztiei; eta esaldi batekin biribildu du adierazpena: "Atzo eta gaur, antifaxistak".
Mobilizazioa Durangon, abenduaren 6an
EHKSk, bestalde, abenduaren 6an Durangon (Bizkaia) mobilizatzeko deialdia zabaldu zuen hilabetearen hasieran. Egun horretan 78ko erregimenaren eta faxismoaren aurrean, langileok haustura politikoa lelopean aterako dira kalera, besteak beste, Espainiako Konstituzioa aurreko erregimenaren jarraipenean idatzi zela salatzeko eta harekin puskatzeko beharra nabarmentzeko.
🚩 Ohean hil zen dena ondo lotua utzi zuela. Diktadura ondoko 78ko erregimenak ez zuen apurtu frankismoan garatutako egitura ekonomiko kapitalistarekin eta zapalkuntza nazionalen berme izaten jarraitzen du. pic.twitter.com/B4jIGpYtnD
— Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (@EHKSozialista) November 20, 2025