AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/13 07:51

Hainbat norbanakok, kolektibok eta mugimenduk osatzen dute Donostia Antifaxista plataforma, eta "diskurtso faxista eta arrazisten gorakadari aurre egiteko" ekin dio lanari. La Sirena aterpetxea kale egoeran dauden pertsonentzat ireki dezatela exijitzeko mobilizatu ostean, faxismoaren aurkako egitarau bat prestatu zuen urtarrilaren 12rako, atzorako: Egun Antifaxista. Ekimena "gorakada erreakzionario horrekin kezkatuta dauden donostiarrentzat bilgune eta sozializaziorako espazio bat izatea" zen plataformaren asmoa.

Lo que no te cuentan de Donosti (LQNTCDD) Telegram talde erreakzionarioak deituta, Kaleko Afari Solidarioen (KAS) aurkako protestak hasi ziren auzoa aukeratu zuen Donostia Antifaxistak, Egun Antifaxista egiteko. Atzo eguerdirako jarri zuen hitzordua, Plaza Haundin: faxismoaren gorakada eta horri aurre egiteko erronka landu zuten lehenengo, mahai-inguru baten bidez. Segurtasunaren diskurtsoaren atzean ezkutatzen dena, diskurtso atzerakoi horiek gora egin izanaren arrazoiak, XXI. mendeko faxismo eraberrituaren ezaugarriak eta abar landu zituzten bertan, eta parte hartu zuten, besteak beste, Mugimendu Sozialistako, Kinkako, Guztiontzako Egia Auzotar Sareko zein Hiritarron Harrera Sareko militanteek.

Mahai-inguruaren ondoren, bazkari bat izan zen Plaza Haundin bertan, eta gero musika-emanaldi bat eskaini zuen Amazigh taldeak. Borrokan segituko du orain Donostia Antifaxistak, azaldu duenez, "lanketa ideologikoa egiten". "Donostian deitzen den edozein mobilizazio faxista eta arrazista erantzuteko" antolaketa-lanetan segituko du, LQNTCDD talde erreakzionarioaren protesten aurka egin bezala.

EZ DAGO IRUZKINIK