Ertzaintzako bi agente zigortu berri ditu Bizkaiko Auzitegiak: sei urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri dio bati eta zazpi urte eta erdikoa beste bati, droga-trafikoan aritzeagatik. Zigor altuagoa izango duen ertzainaren etxean, Galdakaon (Bizkaia), 54,8 kilo kokaina, droga saltzeari esker lortutako 5.000 euro baino gehiago, hainbat telefono mugikor eta abar aurkitu zituzten. Beste agentearen etxean are diru gehiago topatu zuten, 14.000 euro inguru.
Guardia Zibilak 2021eko azaroan ohartarazi omen zuen fiskaltza zazpi urte eta erdiko zigorra jaso duen poliziaren "jokabide irregularrez". Ertzaintzako Barne-Arazoetako Buruzagitzak, gainera, denbora omen zeraman bigarren agentea ikertzen, droga-trafikatzaileekin zuen harremana zela-eta; nahiz eta lanean jarraitzen zuen ertzain modura. Auzitegiaren ebazpenean jasotzen denez, kondenatutako bi polizia-agenteek droga lortzen zuten, gerora, Bizkaiko herri batzuetan eta inguruko zenbait probintziatan saltzeko.
Gainera, hirugarren ertzain bat ere badago jardun horretan nahasirik: datu-base ofizialetan begiratzen zituen autoetako matrikulen titulartasunak, droga-trafikatzaileak "balizko jarraipen polizialak" izaten ari ziren edo ez egiaztatu ahal izateko. Dena den, hirugarren polizia hori absolbitzea erabaki du Bizkaiko Auzitegiak.