Azaroaren bukaeran jakinarazi zuten, Bilboko (Bizkaia) Ibarrekolandan, etxegabetze bat gauzatu nahian ari dela Servi-Okupas desokupazio-enpresa. Bi aldiz bertaratu dira soldatapeko matoiak Ibarrekolandako etxe horretara, bertan bizi diren pertsonak jazartzeko eta haiei presioa egiteko, pisua utz dezaten. Jabe handi batena da etxea, eta berak jo du desokupazio-enpresarengana, etxegabetzea inolako agindu judizialik gabe burutzeko asmoz.
Desokupak bigarrenez bertaratu eta etxea husten saiatzean, protestara deitu zuen Bilboko Etxebizitza Sindikatuak. Joan den larunbatean, abenduaren 9an, elkarretaratze bat izan zen Ibarrekolandan bertan. Desokupei aurre egin. Faxismoa borrokatu! lelopean egin zuten kontzentrazioa, Celestino Maria del Arenal plazan.
Ibarrekolandan izaten ari den kaleratze saiakera salatzeaz gain, desokupazio-enpresen jarduna eta izaera faxista seinalatu zituen Bilboko Etxebizitza Sindikatuak: "Ez dugu onartuko ez desokupazio-enpresen biolentzia, ezta edonolako etxegabetze saiakerarik ere". Konpromisoa erakutsi zuen, hala, desokupazio-enpresei "aurre egiteko, lekuan leku aurrera daramatzaten etxegabetze saiakera guztietan".
"Adi egon hurrengo asteetan egon daitezkeen deialdietara, berriro itzul daitezke", ohartarazi zuten sindikatuko kideek. "Desokupazio-enpresen aurrean ez instituzioek, ez epaitegiek eta are gutxiago Poliziak, ez gaituzte babestuko", gaineratu zuten: "Horregatik, beharrezkoa da proletalgoaren antolakuntza independentea antolatzea".
Desokupen esku-hartzeak, gora
"Azken urteetan areagotzen ari da enpresa faxista horien [desokupazio-enpresen] praktika, eta jabeak horretaz baliatzen dira, modu estrajudizialean, jendea etxeetatik kanporatzeko", azaldu zuen larunbateko elkarretaratzean Etxebizitza Sindikatuak: "Legea iristen ez den lekuetara iristen da enpresa horien jarduna, eta errentistek horrelako praktiketara jotzen dute proletalgoa etxebizitzetatik kanporatzeko, bide legalek balio ez dietenean".
Inpunitatea
"Etxebizitzak irabaziak metatzeko beste tresna bat diren heinean, administrazioek, botere judizialak eta indar polizialek ez diote inolako oztoporik jartzen desokupazio enpresen jardun biolentoari", nabarmendu zuen Etxebizitza Sindikatuak. "Kontrara", desokupazio-enpresen "jarduna errazteko testuingurua elikatzen" dute aipatutako botereek, sindikatuko kideen esanetan. Hori, besteak beste, "proletalgoaren kriminalizazioa sustatuta, jarrera autoritarioak hedatuta eta haien [desokupazio-enpresen] inpunitate osoa bermatuta" lortzen dute.