AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/08/04 12:20

Beste urte batez, beto politikoaren gainetik, Gasteizko (Araba) Letren Fakultate aurrean muntatu dute txosnagune propio bat Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Berriz ere, Gasteizko Txosna Batzordeak kudeatzen duen eremutik kanpo antolatu behar izan dute jaigunea, Mugimendu Sozialistako bi antolakundeen kontrako beto politikoa mantentzen baitute bertan.

"Gure aldarrikapenek bere lekua izango dute", esan zuten GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak uztailaren erdialdean. Izan ere, Txosna Batzordeak beren aurkako debekuari eutsiko ziola jakin ostean, egitarau propio bat aurkeztu zuen Mugimendu Sozialistak, eta adierazi zuen jaietan parte hartzeko duen eskubidea defendatuko zuela. Hortaz, hainbat ekimen antolatu zituen bai uztailerako bai abuzturako, nahiz eta polizia-indarrek lehenengo hitzordua indarrez blokeatu zuten: beto politikoaren aurkako kanpaldi bat eta kontzertu bat egiten saiatu ziren uztailaren 23an, Andre Mari Zuriaren Plazan, baina Ertzaintzak eta udaltzainek bortxaz desegin zuten kanpalekua. Hainbat lagun zauritu eta atxilotu zituzten.

Poliziaren karga bortitzaren ondoren, berriz ere Txosna Batzordeari hitz egin zioten GKSk eta sindikatuak, gutun baten bidez, aterabide bat eskatzeko: "Uste dugu jai hauen aurretik irtenbide bat adosteko ardura hartu beharrean gaudela guztiok. Horregatik, Txosna Batzordeari jaien aurretik gurekin elkartzeko eta jaietarako irtenbide bat adosteko eskaera egiten dizuegu". Baina gainean dira festak dagoeneko, eta Mugimendu Sozialistak bere kabuz bermatu behar izan du berriz ere jaietan parte hartzeko duen eskubidea, baimenik gabe txosna bat ipiniz. "Guk txosna muntatu eta egitarauarekin aurrera jarraituko dugu, inposatzen zaigun betoa salatzeko", azaldu zuten GKSk eta sindikatuak abuztuaren 2an.

Parte-hartze zabala izango da txosnagunean

Txosnaren irekiera eta gero, 21:30ean hasiko dira gaurko musika-emanaldiak: Mirotz, Zero, Rodeo eta DJ Penes y Comedias arituko dira. Bihar, berriz, egun osoko egitaraua izango da gunean: 12:30ean bertaratzeko deia egin dute, Siberiaren eskutik bermutaz gozatzeko; bazkaria egingo dute 14:30ean; Belarrijana podcastaren saio bat grabatuko dute 16:00etan; Gaztetxarrak txarangak emanaldia eskainiko du 17:30ean; eta kontzertu zabala izango da gauean, 21:00etatik aurrera. Mutiko, Sedientos de Cumbia, Kiliki, Malakias Mx3 eta DJ deLow Costek jardungo dute. 

EZ DAGO IRUZKINIK