EAJko lau politikari ohi ari dira espetxe-zigorrak betetzen De Miguel auzia dela-eta, baina horietatik hiru kalean dira jada, kontrol telematikoaren bidez zainduta. Baldintza horietan daude, hain zuzen ere, Aitor Telleria, Koldo Otxandiano eta Xabier Sanchez, nahiz eta ez duten kondenaren erdia ere bete oraindik. Alfredo de Miguel bera da gaua kartzelan igaro behar duen bakarra, baina bera ere erdi-askatasun egoeran dago dagoeneko, oraintsu hirugarren gradua lortu ostean.
elDiario.es-ek jakinarazi duenez, gehienetan, Kartzelako Tratamendu Batzordearen iritziaren aurka sartu dituzte hirugarren graduan jeltzaleak. Batzorde horrek Otxandianoren kasuan soilik ikusi zuen begi onez hirugarren gradua ematea, bere "birgizarteratze-prozesuari" garrantzia emanda. De Miguel, Telleria eta Sanchezen kasuan, ordea, erdi-askatasunean sartzearen kontra agertu zen Tratamendu Batzordea, baina haien helegite judizialak onartuz eman zizkieten hirugarren graduak.
elDiario.es-ek aipatutako iturri adituen arabera, "ezohikoak" dira halako mugimenduak, kontuan hartuta kondenaren zati oso txiki bat bete dutela oraindik. 2019an, Arabako Auzitegian hamabi urte eta lau hilabeteko zigorra jarri zioten de Migueli; zazpi urte eta sei hilabetekoa Otxandianori; zazpi urte eta hilabete batekoa Sanchezi, eta bost urte eta hilabete batekoa Telleriari. Denera, hamabost kondenatu izan ziren, baina lau soilik bidali zituzten kartzelara.
2023ko maiatzean kartzelaratu zuten Sanchez, eta 2025eko irailean lortu zuen hirugarren gradua. Gainerako hirurak, berriz, 2023ko uztailean sartu ziren espetxera, eta urte honen hasieran eman diete hirugarren gradua. 2021etik, Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak dira EAEko presondegiak. Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak, dena den, aurreko astean esan zuen erabaki "judizialak" izan direla, ez gobernuarenak.
De Miguel auzia izan da EAJren orain arteko ustelkeria kasurik handiena. Ikerketa 2009an hasi zen, 2010ean atxilotu zituzten auzian nahasitako hainbat politikari jeltzale, eta 2018an izan zen epaiketa. Esleipen publikoen bitartez, legez kontrako komisioak kobratzeko sare bat sortu zuten Arabako EAJren bueltan, eta haiek gobernatutako instituzioez eta alderdiaren lurralde-egituraz baliatu ziren horretarako. Alfredo de Miguelek (Arabako EAJko buruetako bat eta Arabako Foru Aldundiko Tokiko Administrazioko foru-diputatu ohia) zuzendu zuen ustelkeria-sare hori.