AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/25 09:17

Aste honetan jakinarazi dute atxilotua eta kartzelaratua izateko arriskuan dagoela Gaizka Astorkizaga Fito. Hirugarrenez espetxeratua izateko agindua jaso du preso politiko ohiak, Espainiako Auzitegi Nazionalak jarritako bi urteko zigorra betetzeko. Arrisku egoera, beraz, erabatekoa da: mobilizazio-deialdietara adi egotera deitu du berriki Tinko antolakundeak.

2020ko azaroan atxilotu zituzten Fito eta beste lagun bat, "terrorismoaren kontrako" polizia-operazio baten barruan. Bederatzi hilabetez izan zituzten biak "prebentziozko" kartzelaldian, eta 2021eko uztailean utzi zituzten aske. Hainbat ekintzatan parte hartzea leporatzen zieten bi atxilotuei, eta zatitu egin zuten euren kontrako auzia.

Iazko ekainean izan zen judiziora eramandako hainbat ekintzari buruzko epaiketa, lehena: "desordenak eragiteagatik" epaitu zituzten Astorkizaga eta atxilotua izan zen beste pertsona. Bi urteko zigor bat ezarri zieten, kondena-etenarekin. Berriki jakinarazi dute, ordea, fiskaltzak uko egin diola Fitori jarritako kondena-etenari. Hortaz, berriz espetxeratzeko agindua igorri diote.

Iazko udazkenean, gainera, Astorkizagaren kontrako zigor eskaera ikaragarri altu bat egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak. Beste sabotaje-ekintza batean parte hartzea leporatuta epaituko dute berriz (ez dute data zehatzik eman), eta fiskaltzak hemezortzi urteko zigor bat eskatu du bere kontra.

2020eko atxiloketaz eta espetxeratzeaz gain, aurretik ere izan dute preso Fito: 2012tik 2016ra bitartean izan zuten kartzelan. Orain, hirugarren aldiz sartu nahi dute gatibu, beraz.

EZ DAGO IRUZKINIK