AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/11 10:26

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak auzitara eraman ditu datarik edo aurretiazko jakinarazpenik gabeko etxe-kaleratzeak. Iruñean (Nafarroa) egin du prentsaurrekoa gaur goizean, izan ere, hiri horretan ekainean izandako bi etxegabetzeri lotuta aurkeztu du helegitea Espainiako Konstituzio Auzitegian. Bi kasuetan, aurrez jakinarazi gabe bota zituzten biktimak euren etxetik, eta indarrean den legedia urratzen du horrek: sindikatuak salatu du ez zirela errespetatu abisurik gabe kaleratutako pertsonen "defentsa-eskubidea eta segurtasun juridikoa".

"Iruñeko epaitegietan auzibide guztiak agortu ostean" jo du Konstituzio Auzitegira, eta Espainiako Estatuan Etxebizitza Legea onartu zenetik halako kasu bat judizializatzen den lehen aldia da. "Helburua da aurrekari juridiko arriskutsuak saihestea, halako praktika arbitrarioak normal bihurtu ez daitezen", azaldu dute sindikatuko kideek: "Beharrezkoa da bide guztiak erabiltzea horrelako jardunak zigorrik gabe gera ez daitezen. Aukerak urriak badira ere, Konstituzio Auzitegiak gure alde egingo balu, aurrekari bat ezar genezake, langile-klasearen eskubide politikoen defentsan lagunduko ligukeena". Aldarrikatu dute, beraz, helegiteak ez duela bilatzen "kasu isolatu bati erantzutea", baizik eta "langile-klasearen eskubide politikoen defentsarako borroka orokorra" indartzea.

Sadaharen eta Ana Belenen etxegabetzeak ekainean

Teorian, agintaritzek aurretiaz zehaztu eta helarazi behar dute zein egunetan izango den desalojo bakoitza, baina ez zen hala gertatu Iruñeko etxegabetzeetan. Berdina gertatu zen bi kasuetan: desalojo-data batzuk jakinarazi zizkieten biktimei lehenengo, baina kaleratzeei aurre egitera deitu zuen Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta mobilizazioari esker, bi desalojoak geratzea lortu zuten. Horren ondoren, aurretiazko abisurik gabe bertaratu ziren bi etxeetara polizia-indarrak eta segizio judizialak, eta euren etxetik bota zituzten bai Ana Belen, ekainaren 11n; bai Sadaha eta bere semea, ekainaren 20an.

Froga gisa, Sadahak jasandako etxegabetzeko auto judiziala aurkeztu du sindikatuak, bertan ikusten baita agintaritzen asmoa: "Zentzurik eta oinarririk gabea da demandatuari jakinaraztea aurrerapenarekin, berriro mobilizazio bat antolatu eta berriro etxegabetzea galaraz dezan, ordena publikoaren alterazio arriskuarekin".

Debekatuta daude datarik edo jakinarazpenik gabeko etxegabetzeak

Sindikatuak gaurko agerraldian nabarmendu duenez, "data irekiko edo jakinarazpenik gabeko etxegabetzeak debekatuta daude bai 2000ko Zigor Prozedura Zibileko Legean, bai duela bi urte onartutako Estatuko Etxebizitza Legean, zeinak Zigor Prozedura Zibileko Legea aldatu baitzuen debeku hori esplizituki jasotzeko". Iruñean ekainean izandako bi desalojoak, hortaz, legez kontrakoak izan ziren.

Sindikatuko kideek seinalatu dute "horrelako jardunbideek oinarrizko eskubideak urratzen" dituztela, "defentsa judizialerako eskubidea, pertsona ahulen babesa eta segurtasun juridikoa" kasu; eta, gainera, ohartarazi dute "kalte emozional eta sozial larria eragiten" diela kaltetutako pertsonei, "ez baitakite zehazki noiz geratuko diren etxerik gabe". Horiek horrela, halako praktikek "eskubide politikoetan atzerapausoa" dakartela azpimarratu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK