Bridgestone multinazionalak 335 langile kaleratu nahi ditu Basaurin (Bizkaia) eta 211 Puente San Miguelen (Kantabria), eta hainbat lanuzte izango dira kaleratze masiboaren kontra. Atzo egin zuten lehenengo greba-eguna: Basaurin, grebalariek piketeak egin zituzten goizeko nahiz arratsaldeko lan-txanden aurretik. Arratsaldean, berriz, herriaren erdigunera eraman zituzten euren aldarriak.
Urbin kokatutako fabrikaren aurrean elkarretaratze bat egin ostean, mobilizazio bati ekin zioten bertatik, Despidorik ez! Plan industriala orain! lelopean. Milaka lagun batu ziren manifestaziora, eta Agirre Lehendakaria eta Kale Nagusia igaro ostean, Arizgoitin bukatu zuten ibilbidea. Bertan hitza hartu zuten Basauriko langileen ordezkariek, eta ohartarazi zuten honakoa izaten ari dela Bridgestonen (lehen Firestone izenez ezaguna) mende bateko historiako "momenturik txarrena"; "deslokalizazio-prozesu bati ekitean eta ekoizpenaren zatirik handiena konpainiak Polonian duen fabrika batera eramatean".
Gogorarazi zuten enpresa "mota guztietako laguntza publikoez baliatzen" dela, baina, esku artean dituen planekin aurrera eginez gero, "heriotza-zauriekin" utziko dituela Basauriko eta Puente San Migueleko lantokiak; "ekoizpen oso baxuarekin eta lehiakorrak izateari lagata". "Egoera horretan, konpainiaren hurrengo pausoa izan daiteke itxiera eragitea", langileen ordezkarien hitzetan; eta Bridgestonen hartzen diren neurriek azpikontratatutako enpresetan eta "tokiko komertzioan" izango dituen ondorioez ere ohartarazi zuten.
Batasunerako deia egin zioten Bridgestoneko plantillari: "Bilakatu dezagun beldurra datorren ziurgabetasunari aurre egiteko harrotasun, energia eta konbentzimendu". Puente San Miguelen bihar izango dute bigarren lanuztea, eta Basaurin etzi, ostiralez, egingo dute bigarren greba-eguna. Hirugarren lanuztea hilaren 15ean izango da bi fabriketan.