AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / ELA
2025/04/08 09:01

Donostiako (Gipuzkoa) gizarte-zerbitzuetako udal-zentroak itxita egongo dira apirilaren 10ean, 11n, 28an, 29an eta 30ean, eta zerbitzu minimoak baino ez dituzte eskainiko Abegin. Izan ere, egun horietan, greba egingo dute horietan jarduten duten langileek: eskaria gero eta handiagoa izan arren, giza-baliabideak eta baliabide materialak falta direla salatzen dute, eta muturrekoa dela egoera esku-hartze sozialeko zerbitzuetan.

"Gobernu-taldearen arduragabekeria oso egoera kezkagarria eragiten ari da, langileek ezin baitiete Donostiako herritarren premiei erantzun", dio ELA sindikatuak. Horri lotuta, eskatzen dute ratioak jaistea eta arlo guztietan plantilla handitzea; hala nola gizarte-langileak, heziketakoak, psikologiakoak, administraziokoak eta abar. Gainera, "egiturazko eta antolaketako beharrei buruzko analisi" bat exijitzen dute, zerbitzuak indartu ahal izateko.

Beharginek urte honen hasieran jakinarazi zuten, gizarte-zerbitzuetako baliabideak areagotu ezean, mobilizazioei ekingo zietela. Hala ere, ELAren esanetan, Maria Jesus Idoeta zinegotziak zuzentzen duen sailak ez du oraindik "gatazkari irtenbidea emateko ezer egin". Plantillak hainbat ordutako lanuzteak egin ditu azken asteetan eta grebara jo zuen martxoaren 27an, eta, orain, beste bost-greba egunetara batuko da.

Aurreneko lanuztea Bridgestonen

Bridgestone multinazionalak 335 behargin kaleratu nahi ditu Basauriko (Bizkaia) fabrikan eta 211 Puente San Miguelekoan (Kantabria). Kaleratze masiboaren kontra, hiruna greba-egun antolatu dituzte bi lantegietan, eta gaur izango da lehenengo lanuztea bietan. Basauriko plantillak goizeko 05:00etan ekin dio grebari, eta ekoizpeneko langile bat bera ere ez da lanean ari. Eguna amaitzeko, manifestazio bat egingo dute 18:00etan, Urbiko lantokiaren sarreratik hasita.

Enpresako zuzendaritzak eta sindikatuek (CCOOko lau ordezkari, UGTko lau, BUPeko hiru, SITBeko bat eta ELAko beste bat) atzo sortu zuten konpainiak ezarri nahi duen lan-erregulazioko espedientea negoziatzeko mahaia. Apirilaren 11n, 14an, 24an eta 30ean eta maiatzaren 5ean eta 6an izango dira erregulazioari buruzko kontsultak, eta ikusteke dago horren ostean zer gertatuko den enpresak bi fabriketako 546 langile kalera bidaltzeko inposatu nahi duen espedientearekin.

Gaurko greba-egunaren ondoren, Basaurin apirilaren 11n eta 15ean izango dira lanuzteak. Puente San Miguelen, berriz, 10ean eta 15ean egingo dute greba. Basauriko langile-batzordeak dio horrekin "nahikoa" izan daitekeela "zuzendaritzak bere jarrera birplanteatzeko eta aurkeztutako proposamena bertan behera uzteko".

EZ DAGO IRUZKINIK