AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Gasteiz Berri
2024/12/17 10:52

Noticias de Álava egunkariko lan-hitzarmena ez da berritu 2012tik, eta langile kazetariak haserre daude. Soldatak %6 murriztu zizkieten duela ia hamahiru urte, eta izoztuta jarraitzen dute ordutik. Enpresako zuzendaritzak ez du lan-baldintzak negoziatzeko borondaterik erakutsi, eta sinadura-greba bati ekin diote beharginek. "Bi aste eman ditugu sinadura-greban, eta enpresaren deirik ez dugu jaso", kritikatu dute.

Gasteizko (Araba) Europa Jauregi aurrean elkarretaratzea egin zuten iragan ostiralean, hedabidearen 20. urteurrenaren ospakizunean, hain zuzen. Zuzendaritza seinalatu zuten kazetariek: "Soldatak igotzeko dirurik ez dagoela esaten diguten bitartean, zuzendariek jatetxe garestietan jaten dute [...] eta ekitaldi garestiak egiten dituzte".

Salatu dute 2012tik hona ez dela inolako hobekuntzarik izan lan-baldintzetan. Borja Lazkanok, langile-batzordeko bozearamaileak, argi adierazi zion Gasteiz Berri irratsaioari: "krisiaren aitzakiapean" jaitsi zizkieten soldatak duela hamahiru urte, eta ez dute "galera hori berreskuratu, ez eta itun duin bat negoziatzea lortu ere". 1.300 euroko hamalau ordainketa jasotzen dituzte, kazetaritza sektoreko hitzarmenak ezarritako minimoa, alegia. Hala ere, enpresak ez du buruzagitza-, gau- eta jaiegun-plusik ordaintzen, besteak beste. 

Jakinarazi dute, bestalde, plantilla nabarmen txikitu dela azken urteetan. 2012an 55 pertsonak egiten zuten lan erredakzioan, baina orain, berriz, 30 dira, eta horietatik hamar dira nagusiak. Hala, "prekaritateak mobilizatzeko gaitasuna minimora txikitu" duela uste dute. Dena den, sinadura-greba bat jarri dute martxan langileek, eta dei egin diete enpresa-taldeko egunkari guztiei grebara batzera, eragina handitzeko: "Grebak koordinatzen baditugu, prekaritatea azaleratzea lortuko genuke".

EZ DAGO IRUZKINIK