Bizkaiko kiroldegietako eta kirol-zelaietako langileak 20 egunez izan dira greban, lan-hitzarmen berri bat exijitzeko. Langileen eskaerak, besteak beste, soldatak igotzea, lanordu kopurua txikitzea, jaiegunetan lan egiteagatik plusak jasotzea edota nominen erregulazioa dira. CEBEK patronalak ez ditu aldarrikapen horiek onartu, eta exijentzia guztiak kontuan hartzen ez dituen aurreakordio bat sinatu dute UGT, CCOO eta LAB sindikatuek. Beraz, grebari eusteko hautua egin dute beharginek.
Izan ere, aurreakordioak hainbat aldarrikapeni egin die entzungor. Ez ditu klaseak prestatzeagatik jaso beharreko plusak barne hartu, ez eta jaiegunetan eta igandeetan lan egiteagatik kobratu beharrekoak ere. Halaber, medikuarengana joateko orduak eta Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) araberako soldata-igoerak bermatu behar direla exijitzen dute langileek.
Antza denez, gainera, "aldizkako lanaldi partzialeko kontratu finkoa" ahalbidetzeko klausula bat txertatu du patronalak "azken momentuan" eta, aplikatuko balitz, "kontratazio-baldintzak are gehiago prekarizatzea" ekar dezakeela ohartarazi du ELA sindikatuak.
Gauzak horrela, grebari eutsiko diote langileek, aurreakordioari uko eginez. Astean zehar greba egiteko deialdia zabaldu dute, eta ekainean grebari ekingo diote berriro, egoerak bere horretan jarraitzen badu.
Lan-gatazkak Gasteizko kiroldegietan ere
Disport enpresako langileak ere gatazkan daude. Salatu dutenez, azpikontratatutako enpresak ez ditu soldatak kontratuan adierazitako epean ordaintzen. Enpresak urte luzez atzeratu ditu nominen ordainketak, epetik kanpo. Gasteizko (Araba) zein Aguraingo (Araba) 150 langileek enpresarekin duten kontratua deusezta dezatela eskatu diete udalei.