Tubacexek atzo iragarritako kaleratzeak "albiste txarra" direla, baina "errealistak" izan eta onartu egin beharko direla esan du Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburuak. "Halako albiste txar gehiago izango ditugu, eta ez bat edo bi".
Enpresak 500 langile kaleratzeko asmoa agertu zuen, soldaten bidez datorren urtean 25 milioi euro gehiago aurrezteko. Laudioko eta Amurrioko (Araba) ekoizpen plantetan zenbat kanporatuko dituzten, berriz, Amurrioko alkateak zehaztu du gaur, irrati elkarrizketa batean. Josune Irabienen esanetan, 150 inguru izango dira kaleratuak enpresak Amurrion eta Laudion dituen plantetatik. 800 bat ari dira denera.
Enpresako "goi karguekin" hitz egin ondoren eman du kaleratze kopuruaren
berri Irabien alkateak, komunikabide batean, enpresa
batzordeak zuzendaritzarekin
bilduta zirela. 10:30ean zuten hastekoa bilkura hori. Bilera amaituta Tubacexeko buruek esan dute aurrezte hori "ez dela zertan" kaleratzeen bidez egin, eta "irekita daudela kostu laboralak eta soldatak murriztuz burutzeko". Apirilean, 600 langileri eragiten zien osagarririk gabeko sei hilabeteko lan-erregulazio txostena aurkeztu zuen enpresak.
Lanaren nazioarteko banaketa
Altzairu herdoilgaitzeko soldadurarik gabeko hodiak ekoizten dituzte Tubacexen, petrolioaren erauzketarako, nahiz energia ekoizteko eta produktu kimikoak prozesatzeko instalazioetarako. Enpresak esana du "balio erantsi handiko produktuak kostu handiko plantetan kontratatzearen alde" egingo duela, batez ere, Espainiako Estatuan, Italian eta Austrian. Produktu estandarragoak, aldiz, Asiako kokagune merkeagoetara bideratuko ditu.Iaz, bi langile erail zituzten Tubacexen. Irailean, bihotzekoak eman zion Amurrioko (Araba) fabrikan lanean ari zen behargin bati,
bero-kolpe baten ondorioz. Uztailaren 4an, beste gazte bat izan zen eraila Laudion, pieza batek azpian harrapatuta.