Saioa Sanchez preso politikoa eta haren alaba lekualdatu dituzte Roanneko espetxera

Nanteseko kartzelatik (700 km) Roannekora (852 km) tokialdatu dituzte biak aste honetan. Preso politiko berangarra Roanneko espetxera mugitzen duten hirugarren aldia da, eta 2007ko abendutik daukate gatibu.
Argazki Nagusia
2021eko martxoaren 5a

Saioa Sanchez preso politikoa eta haren sei hilabeteko alaba astezkenean lekualdatu zituzten, hain zuzen, Nanteseko espetxetik (700 km) Roannekora (852 km). Hegazkin komertzial batean eraman zituzten Lyoneraino, eta haren gertukoek jakinarazi dutenez, oraingoan ez zuten lotuta eraman preso berangarra. Iazko azaroaren 30ean ospitalean zeukan hitzordua galdu zuen, gerria eta bi oinak lotzen dituen kate batekin joateari uko egiteagatik, horretara behartzea umiliagarria zela iritzita.

Sanchez iazko ekainean eraman zuten Rennesetik Nantesera, haurdun, Renneseko kartzelako haurtzaindegia obretan zegoelako. Obrak bukatutakoan Rennesera eraman behar zuten berriz, baina eraikinaren egituran akatsak topatu dituztela-eta, itxita dago amentzako eta haurrentzako dibisoa.

Egoera horren aurrean, preso politikoa bera izan da Roannera tokialdatzea eskatu duena, Frantziako Estatuan haurtzaindegiak dituzten dibisio eskasen artean, haren alabarekin egoteko egokiena hangoa izan daitekeelakoan.

Berangarra Roanneko kartzelara lekualdatzen duten hirugarren aldia da honakoa. 2017ko ekainean egon zen bertan azkeneko aldiz, eta 2014an izan zen han aurrenekoz. Ordutik hamar aldiz aldatu dute kartzelaz, tartean, birritan estraditatu dute Espainiako Estatura. 2007ko abendutik daukate preso.