AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Tubos Reunidoseko langileak, martxoan planto egiten. Argazkia: Hala Bedi
2020/04/29 19:35

Astelehenean, hilak 27, lan-istripua izan zuen Amurrioko (Araba) Tubos Reunidos lantegiko behargin batek, Aiaraldea-k jakinarazi duenez. Konortea galdu zuen hodi batek aurpegian eta besoan indar handiz kolpatu ostean, eta ospitalera eraman behar izan zuten, zaurituta. Ospitaleratuta jarraitzen du.

Aiaraldea-n jaso dutenez, fabrikako makina batean trabatuta geratu zen hodia, eta atera zenean jo zuen langilea.

Hilabete honetan ezarri du aldi baterako lan-erregulazio txosten bat Tubos Reunidosek, "ekoizpenari lotutako arrazoiak" medio. Hala ere, sindikatuek adierazi dute "langilez eta jardueraz gainezka" dagoela Amurrioko lantokia, enplegua erregulatzeko dosierra onartua izan den arren.

Aurretiaz, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak atzera bota zuen enpresak "indarrezko arrazoiak" argudiatuta eskatutako aldi baterako lan-erregulazioa.

Covid-19ak sortutako krisialdia hasi bezain pronto ekin zieten protestei Amurrioko Tubos Reunidoseko beharginek, segurtasun neurrien urraketaren harira.