Bi mural ezabatu dituzte Lizarran, udalaren aginduz

Lucio Urtubia zenaren omenezko mural bat ezabatu zuen udalak atzo, Zerbitzu Departamenduaren aginduz. Bezperan, IAren eta GKSren beste mural bat ere kendu zuten. Lizarrako Sugarra gaztetxeko kideek ohartarazi dute "adierazpen politikorako askatasuna urgentziaz defendatu beharreko kontua" dela. Astelehenean jakinarazi zuten pankartak jartzeagatik isunak jaso zituztela.
Argazki Nagusia
Lizarrako gaztetxeko kideek egin eta udalak ezabatutako murala.
2020ko irailaren 16a

Lucio Urtubia militante anarkistaren omenezko mural bat ezabatu du Lizarrako Udalak, Sugarra gaztetxeko kideek salatu dutenez, Zerbitzu Departamenduko Jorge Crespo zinegotziaren aginduz. Azaldu dute murala egiteko baimena eskatu zutela, baina ez zuten erantzunik jaso, eta hura egin ondoren, "Lizarrako gaztetxea" izena kentzeko ere proposatu zien zinegotziak. "Ezetz esan genion, eta gaur [asteartean] mural osoa ezabatu dute".

Astelehen honetan bertan, IAren eta GKSren beste mural bat ere ezabatu dutela jakinarazi dute gaztetxeko kideek. Urtubiaren omenezko murala ezabatu bezperan, gainera, pankartak jartzeagatik isunak jaso dituztela salatu zuten Sugarrako kideek.

Jardun politikoa "guztiz mugatua" dagoela adierazi dute gaztetxeko kideek: "Pankartak jartzeagatik isunak, kartelak jartzeagatik isunak eta galdeketak, kartelak jarri eta hurrengo egunean garbiketako brigadak kentzen ditu… Egungo gizartean ematen diren injustiziak salatu eta hauen aurka borrokatzeko antolatzen garenok isilarazteko helburu argia dute jarrera hauek, batzuek hainbeste saltzen duten "demokrazia progresista" horren benetako aurpegia da hau".


Azpeitian ere, "urraketa sistematikoa"


Azpeitian ere salatu dute indar polizialen eskutik jasaten duten "askatasun politikoen urraketa sistematikoa". Zehazki, "adierazpen askatasunaren aurkako eraso iraunkorra" gaitzetsi dute: azken asteetan IAk egindako grebarako pankartak kentzen aritu direla, eta berdin egin ohi dutela Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistaren nahiz Urola Erdiko GKSren pankartekin. "Etengabeko probokazio hauekin lehenbailehen buka dezaten exijitzen diegu bestaldera begira dauden euren arduradun politikoei".