Irungo Recondo lantegia ixteko asmoa du Brioche Pasquier enpresako zuzendaritzak

Egun 160 behargin dira Irungo Recondo lantegian. Multinazionaleko zuzendaritzak hartu du ixteko erabakia, eta horren aurrean, langileek asanblada egin zuten maiatzaren 20an. Hala, itxiera "publikoki salatzea" erabaki zuten, baita zuzendaritzari "ondorioez hitz egiteko eta proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko" bilera eskatzea ere.
Argazki Nagusia
Argazkia: Irungo Hitza
2019ko ekainaren 7a

Brioche Pasquier multinazionalaren Irungo (Gipuzkoa) Recondo lantegia ixteko asmoa du enpresako zuzendaritzak, 2022. urtean, hain zuzen. Bertako langile batzordeak eman du erabakiaren berri, prentsa ohar baten bidez.

Egun 160 behargin dira Irunen, eta ogi xigortuak ekoizten dituzte gehienbat. Frantziako Brioche Pasquier enpresak 2001. urtean erosi zuen Irungo lantokia.

Zuzendaritzak erabakia jakinarazi zienean, asanblada egin zuten langileek. Hala, maiatzaren 20an bildu ziren aurrenekoz, eta fabrikaren itxiera "publikoki salatzea" erabaki zuten, baita zuzendaritzari "ondorioez hitz egiteko eta proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko" bilera eskatzea ere.

"Beste pauso bat"

Erabakiak "atsekabea eta haserrea" piztu dituela azaldu du langileen batzordeak: "Irungo industria desegiteko eta kaltetzeko beste pauso bat da". Bestalde, herrian dagoeneko dagoen langabezia tasa "onartezina" dela nabarmendu dute.

Recondo 1870. urtean sortu zuten. 2011. urtetik Brioche Pasquierren jabetza da. Hala, Irunen bi fabrika ditu Frantziako multinazionalak; izan ere, Ventas auzoan dagoen lantoki baten jabe ere bada.

Enpresako zuzendaritzak adierazi du 2016. urteko azaroan hartu zutela Recondo ixteko erabakia, eta une berean jakinarazi ziela beharginei. "Itxierak ez die 160 langileei eragingo", gehitu dute. Ventaz auzoko lantegia ez dutela itxiko ere esan dute.