Lan baldintzak salatu dituzte Ipar Euskal Herriko medikuntza sozialeko langileek

Medikuntza sozialeko langileek lan baldintzak salatu dituzte Baionan, LAB sindikatuak egindako agerraldian. Beharginek azaldu dutenez, "gero eta gehiago egin beharra dago, gero eta gutxiagorekin".
Argazki Nagusia
Baionako ospitalea. Argazkia: Iparraldeko Hitza
2019ko uztailaren 10a

Duela bi egun, Ipar Euskal Herriko medikuntza sozialaren arloko beharginen lan baldintzak salatu zituen LAB sindikatuak, Baionan (Lapurdi) egindako agerraldian. "Alarma" piztea zuten helburu; izan ere, "diruaren araberako lan banaketa, etekinen optimizazioa eta diruztatze apaltzeak" mahaira atera zituzten.

Zuzendaritza beti "zenbakiei begira” dagoela adierazi zuten, eta hori ez dela bideragarria pertsonekin lan egiten duen sektore batean: "Ezin dira zaintza lanak denboran neurtu eta kalkulatu". Egin berri dituzten zuzendaritza aldaketek ere logika horri guztiari erantzuten diotela salatu zuten.

Bestalde, lan baldintza zehatzen inguruan, ondorengoa adierazi zuten: "Proposatu dituzten kontratuak gero eta laburragoak eta prekarioagoak dira; lansari minimoak. Beti malgutasun gehiago eskatzen digute zerbitzuen beharrei aurre egiteko".

Hala, elkarteko lehendakariak, administrazio kontseiluak eta zuzendaritzak interpelatu zituzten, baita instituzio publikoak ere; hala nola, herriko etxeak, departamentuak edota Eskualdeko Osasun Agentzia. Azkenik, "elkartasuna eta pertsona zentroan jarriko dituzten lan baldintzak" nahi dituztela aldarrikatu zuten.