Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu dute gaur sei pertsonak, preso politikoei egindako ongi etorrien harira

Eguerdian deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean Garazi Autor, Ikerne Indakoetxea, Jorge Olaiz, Irati Tobar, Miren Zabaleta eta Alberto Matxainek. "Terrorismoa goratzearen delitu jarraitua" leporatzen diete, eta auzia, preso politikoei ongi etorriak egiteko egitura jakinik ote dagoen aztertzea da. Auzipetuta dauden beste sei pertsona ere deklaratzera deitu ditu epaileak, martxoaren 3rako.
Argazki Nagusia
Argazkia: El Mundo
2020ko otsailaren 24a

Gaurko, hilak 24, sei pertsona zeuden Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deituta. Arrazoia, preso politikoei egindako ongi etorriak antolatzea. Manuel García Castellon epailea arduratuko da harrera horiek antolatzeko eta koordinatzeko egitura jakinik ote dagoen egiaztatzeaz, eta horretarako, 2016tik 2019ra bitartean egindako 95 ongi etorri ikertuko ditu. 

Auzipetuei "terrorismoa goratzearen delitu jarraitua" egozten diete. Gaur deklaratu dute, hala, Miren Zabaleta, Jorge Olaiz, Garazi Autor, Ikerne Indakoetxea, Alberto Matxain eta Irati Tobarrek. Urtebete baino gehiago darama zabalik auziak.

Abokatuaren arabera, batez ere Kalera Kalera dinamikaren inguruan galdetu die gaur epaileak.

Beste hitzordu bat martxoaren 3an

Beste sei pertsona ere deitu dituzte Madrilen deklaratzera, martxoaren 3rako. Guardia Zibiliak urtarrilaren 22an atxilotu zituen haietako lau, ongi etorriekin lotuta orduan ere: Oihana Garmendia, Antton Lopez. Haimar Altuna eta Oihana San Vicente.

Juan Mari Olanok eta Julen Larrinagak ere martxoan deklaratu beharko dute auzitegian. 2008. urtean zigortu zituzten biak, Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurkako auzian.