Aske geratu da Lorentxa Beyrie preso politikoa, 20 urteko espetxealdiaren ostean

Lorentxa Beyrie preso politikoa joan den ostiralean irten zen Roanneko kartzelatik. 2001ean atxilotu zuten, eta 27 urteko kartzela zigorra ezarri zioten.
Argazki Nagusia
Argazkia: Etxerat
2021eko maiatzaren 3a

Aurreko ostiralean, apirilaren 30ean, aske geratu zen Lorentxa Beyrie preso politiko kanbotarra. Goizean goiz, 09:15 zirela, irten zen Roanneko espetxetik.


2001eko abenduan atxilotu zuten Beyrie, Frantziako Estatuko Auch hirian (Gers departamenduan), zehazki. Harekin batera atxiki zituzten Juan Ramon Karasatorre, Jose Ramon Lete eta Miren Orkolaga ere. 27 urteko espetxe zigorra eman zioten.


Beyriek hiru aldiz eskatu du baldintzapeko askatasuna; 2013an, 2016an eta 2019an, baina hiru aldietan ezeztatu diote. Azkeneko aldi horretan, preso politikoa baldintzapean aske uztearen alde agertu zen epailea, baina helegitea aurkeztu zuen prokuradoreak eta, hori zela-eta, espetxean atxiki zuten. 2019ko urriaren 15ean eman zuen azken epaia Parisko Zigorrak Betetzeko Auzitegiak: "berrerortzeko arriskua" zegoelakoan ukatu zioten baldintzapeko askatasun eskaera.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik