AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Argia
2019/07/17 14:05

Bilboko (Bizkaia) lan-arloko epaitegiak ebatzi du "legez kontrakoa" dela Sustapen Ministerioak Loiuko (Bizkaia) aireportuko langileek greban bete beharreko gutxieneko zerbitzuei buruz argitaratutako ebazpena. Hala, sindikatuek jarritako salaketa zela-eta, Bilboko epaitegiak astelehenean aztertu eta epaitu zuen AENAk eta aireportuko zuzendaritzak egindako irakurketa, eta legez kontrakotzat jo zuen.

ELA sindikatuak adierazi duenez, epaiak kalte-ordaina merezi duen urraketa zehatzik aipatzen ez duenarren, "argi geratu da ez dagoela Loiuko aireportuko zuzendaritzak hartutako neurriak mantentzerik; eta greba egotekotan, abiatu zein heltzen diren hegaldietan izango du eragina; izan ere, hegaldi babestuak soilik mantendu ahal izango dituzte".

Loiuko beharginek uztailaren 1ean egin zuten lehen lanuztea, eta 18 greba egun iragarri zituzten datozen hilabeteetarako. Handik egun gutxira hasi zituzten negoziaketak aireportuko langile batzordeak eta zuzendaritzak, baina momentuz, ez dago akordiorik mahai gainean, sindikatuek greba deialdi batzuk bertan behera utzi badituzte ere. Esaterako, astelehenerako lanuztera deitu zuten, baina patronalak berriro negoziaketei ekiteko eskaintza egin zienez, atzera bota zuten greba deialdia.

"Gehiegizko gutxieneko zerbitzuak"

Espainiako estatuko Renfeko langileek atzo egin zuten greba. EAEn, beharginen %75ek egin zuten bat CCOO sindikatuaren lanuzte deialdiarekin. Kasu horretan ere, sindikatuak salatu zuen "gehiegizko zerbitzu minimoak inposatu" zituela enpresak.