AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: EITB
2019/07/16 20:49

Gaur, asteartea, greba eguna izan da Renfen. Espainiako estatuko hamaika txokotako langileek egin dute bat CCOO sindikatuaren lanuzte deialdiarekin, eta guztira, 320 tren-bidaia inguru geratu dira bertan behera. EAEn 1.000 behargin inguru dira Renfen, eta gaur, %75 inguruk egin dute greba. 

Modu horretan salatu dute langileek enpresak ez duela lan hitzarmenean jasotakoa bete. Hain zuzen, "enplegua sortzea, lanaldiak murriztea eta soldata igotzea" onartu zuen Renfek, abiapuntu modura. CCOOko ordezkari batek azaldu du "langileen murrizketa nabarmena" dela eta "ez direla nahikoak azken bi urteetako kontratazioak". Hala, "lanpostu berriak sortzean" jarri du azpimarra. "Lan-harremanei dagokienean", Renferen kudeaketa "nahiko diktatoriala" dela ere salatu du.

Bestalde, sindikatuak salatu du "gehiegizko zerbitzu minimoak inposatu" dituela enpresak. Hala ere, "puntako orduetan, aldiriko tren zerbitzuak %20-50 bitartean murriztu" direla nabarmendu du. Bizkaian ibilbide luzeko lau tren-zerbitzu etetea ere lortu dute, eta beste horrenbeste Gipuzkoan.

Greba deialdi gehiago

Gaurko greba deialdia CCOOk egin badu ere, CGTk lanuzte gehiago iragarri ditu datozen hilabeteetarako. Uztailaren 31rako, abuztuaren 14rako, abuztuaren 30erako eta irailaren 1erako lanuztera deitu du CGTk; hain zuzen, 12:00etatik 16:00etara, eta 20:00etatik 00:00etara.

CCOOk ez du baztertu deialdi gehiago egitea, baina momentuz, ez du bat egin CGTren greba deiekin.