Ia bi aste igaro dira Palestinako erresistentziak kontraerasoari ekin zionetik eta Israelgo genozidek gerra-egoera ofizialki deklaratu zutenetik. Ordutik, sionistek odol hotzean bonbardatu dute Gaza egunero-egunero, eta Zisjordaniako lur okupatuetan ere jarraitu dute palestinarren kontrako eraso sistematikoek israeldarren partetik; bai indar militarrek, bai kolono faxistek eginda. Aste honetan, bereziki odoltsua izan da Israelgo Estatu hiltzaileak Gazako Al-Ahli Ospitale Bataiatzailean egindako sarraskia: 800 inguru izan daitezke hildakoak. Urriaren 7tik hona, Israelek 4.000 palestinar inguru erail ditu Gazan bonbardaketa bidez. Zaurituak 12.000 izan daitezke, eta milaka dira desagertuak ere.
"Israelgoa estatu genozida eta hiltzailea da, eta bere aurpegirik gordinena erakusten ari da azken egunotan", nabarmendu du Bilboko (Bizkaia) Gazte Koordinadora Sozialistak, atzo bertan argitaratutako adierazpenean. Gogorarazi du Israelek "modu sistematikoan" gauzatu dituela palestinarren kontrako okupazioa eta erailketak hamarkada luzez, eta azken egunetan erabateko sarraski bat ari dela egiten: "Israelek Palestinako lurraldeak eta bertako azpiegitura ugari suntsitu ditu, ospitaleak bonbardatu ditu, elikagai eta elektrizitate hornidurak eten ditu, eta abar".
Espainiako Gobernua ere, Israelen politika kriminalaren lagun
"NATOk interes estrategikoak ditu Israelen zein Ekialde Hurbilean, eta palestinar herriaren aurkako sarraskiaren erantzule zuzena da", seinalatu du GKSk. Gainera, Europako estatuetako gobernuak "NATOrekin lerratu" direla eta "Israel gauzatzen ari den sarraskiaren konplize" direla salatu du, besteak beste, Espainiako Gobernuari erreferentzia eginda.
"Espainiako Gobernua ere NATOren politika ekonomiko eta militar inperialistarekin lerratu da, eta Israeli bere babes osoa adierazi dio", xehatu dute GKSko kideek: "Bakearen, negoziazioaren eta nazioarteko zuzenbidearen inguruan hitz egiten duten bitartean, Israelen eta NATOren politika terroristari babes osoa eman diote". Hain zuzen, horregatik jo dute Espainiako Gobernua "Israel egiten ari den politika kriminalaren konplizetzat", bai eta "palestinar herriaren etsaitzat" ere. "Horrek guztiak zer pentsatua eman beharko lioke Espainiako Gobernuari babesa ematen dieten ezkerreko alderdi politikoei", gaineratu du GKSk.
Propaganda sionista, eta Palestinarekin elkartasuna zigortuta
"Mendebaldeko oligarkiaren interesera dauden Europako herrialdeetan", masa-komunikabideak izaten ari diren eginkizunaz eta gobernuak hartzen ari diren neurriez ere ohartarazi dute GKSko kideek: "Komunikabideek propaganda sionistarekin bonbardatzen gaituzte, palestinarren duintasunezko erresistentzia kriminalizatzen ari dira, palestinarrei elkartasuna adierazteko mobilizazioak debekatu eta jazarri dituzte, eta abar".
Gaur arratsalderako, hain justu, mobilizazio deialdi bat egin du Baionan (Lapurdi) Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, Elkartasuna zilegi da. Manifestatzeko debekuari ez aldarritzat hartuta. 19:00etan Baionako Herriko Etxe aurrera bertaratzera deitu dute.
Gaur, Espainiako Gobernuaren kontrako salaketa Bilbon
Aipatutako guztiaren harira, Bilboko GKSk ere mobilizatzera deitu du gaur arratsalderako: 18:00etan, Espainiako Gobernuaren ordezkariordetza aurrean (Plaza Biribilean) elkartzera deitu du, Espainiako Gobernua Palestinako sarraskiaren konplize gisara seinalatzeko eta Palestinako herriari babesa emateko. "Kalera ateratzeak eta palestinar herriari elkartasuna adierazteak berebiziko garrantzia daukate, Israelgo Estatu hiltzailearen zein sarraski horren konplize diren agente guztien aurka mobilizatuta", azaldu dute GKSko kideek.