Hilketa matxista bat izan da bart Bilbon (Bizkaia), Santutxu eta Atxuri auzoen artean. 31 urteko emakume bat erail du bere bikotekideak, biek partekatzen zuten etxebizitzan. Gauerdia igarota, oihuak eta soinuak entzun dituzte bizilagunek, eta abisua eman dute.
34 urte ditu hiltzaileak, eta arma zuriz eraso dio bikotekideari. Zaurien ondorioz, etxean bertan hil da emakume gaztea. Erasotzailea atxilo eraman dute.
Euskal Herrian 2024an izan den hirugarren erailketa matxista da, gutxienez. Joan den maiatzean, 33 urteko emakume bat erail zuen bere bikotekideak Donibane Lohizunen (Lapurdi). Bi aste lehenago, emakume berdina larriki zauritu zen Ziburun (Lapurdi), hotel bateko bosgarren solairutik salto eginda: badirudi bere bikotekidearengandik ihes egin nahian ari zela.
Ekainean, berriz, Urruñan (Lapurdi) eman zuten hilketa matxista baten berri. Desagertu egin zen 43 urteko emakume bat, eta hil egin zutelako susmoz ireki zuten ikerketa. Bere bikotekidea atxilotu zuten gerora; behin-behinean, behintzat, preso sartu zuten.
Salaketak
Itxura denez, ez zegoen aldez aurreko salaketarik jarrita bart Bilbon bere bikotekidea erail duen gizonezkoaren kontra. Espainiako Estatuan, 2023an, erailketa matxistetan hildako emakumeen %26,7k baino ez zeukaten euren hiltzaileen aurkako salaketarik aurkeztuta.
Salaketa jarri duten emakumeen kasuan ere, dena den, beltzak dira erregistratutako datuak: 2022an, bikotekideek edo bikotekide ohiek eraildako emakumeen ia erdiak tratu txarrak salatu zituzten aurretik.