AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/12 12:47

"Greba eskubidea eta hiritarren mugikortasun eskubidea orekatu behar dira", erabili du aitzakiatzat Nora Abetek (PSE-EE), Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak. Bilbobuseko langileek apirilaren 9an ekin zioten grebari eta, lanuzteek babes zabala izan duten arren, Biobide enpresak ez ditu beharginen exijentziak bete. Aitzitik, gidariek berriki salatu dutenez, agerikoa da "enpresak ez duela prekaritatearekin amaitzeko borondaterik" eta, gainera, bajan dauden langileen "lan-baldintzak eta prestazioa" okerragotzen saiatu da.

Zinegotziak, baina, langileei ezarritako zerbitzu minimoak areagotzeko "beharra" azpimarratu du, eta bilbotarrek autobusez mugitzeko duten eskubidea "aitortzea" erabili du justifikazio eta aitzakia modura. Hala, Bilboko Udalak hiribuseko gutxieneko zerbitzuak zabaltzeko eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzako Lan Sailari, langileen grebarako eskubidearen aurka eginez. 

Bilbobuseko langileak, akordiorik gabe

Abeteren ustez, enpresak egindako azken proposamena "zentzuzkoa" da, "ordainsaria hobetzea ahalbidetzen du-eta". Langileek, ordea, gogor seinalatu dute. Esaterako, Bilbobuseko langile askok %62ko lanaldia dute, eta enpresak ez du haien lan-baldintzak hobetzeko konpromezurik hartu nahi.

Hori ez ezik, enpresaren proposamen berriak aurrekoa "are gehiago okertzen" duela azpimarratu dute. Langileen gaur egungo ordezkarien azken proposamenak baztertu ditu Biobideko zuzendaritzak, eta Kontsumoko Prezioen Indizeari (KPI) egokitutako soldata-igoerei ere muzin egin die, besteak beste.

Greba mugagabera deitu dute MCD enpresako langileek

Sidenor taldearen parte da Gasteizko (Araba) MCD enpresa, eta grebara joko dute lantokiko 45 langilek: gaur, ekainaren 13an, greba mugagabeari ekingo diote. Izan ere, Sidenorrek "bosgarren txanda" deituriko lanaldi gehigarri bat ezarri zuen maiatzean, eta gatazka sortu du neurriak.

Langileek lan-txanda berri horri buruzko baldintzak negoziatzera deitu zuten zuzendaritza, baina, salatu dutenez, negoziazioa blokeo-egoeran dago. Beharginen "aldarrikapen bakarra" da bosgarren txandari lotutako "konpentsazio-ekonomikoa eta atsedena" izatea.

EZ DAGO IRUZKINIK