AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/10 08:56

Protestara jo dute Bilatortako (Nafarroa) Tenerias Omega zurrategiko langileek, azkenaldian jasandako "intimidazioa eta jardunbide desegokiak" salatzeko. Lantegi aurrean egin zuten elkarretaratze bat aurreko ostiralean, Frente a las amenazas en Tenerias Omega, langileon borroka lelopean. LAB sindikatuak modu horretan eman zuen astean zehar lantokian izan ziren "gertakari larrien" berri; LABeko hiru kidek, ELAko kide batek eta independente batek osatzen dute enpresako langile batzordea.

Aurreko asteartean, maiatzaren 3an, Tenerias Omega enpresaren aurkako epaiketa bat izan zen. Hain justu, langile baten funtsezko lan-baldintzak "modu aldebakarrean" aldatzeagatik ari dira enpresa epaitzen. Asteazkeneko saioa amaitu bezain pronto jakinarazi zioten langile batzordeari zurrategia eta mantenu bulegoak itxi zitzatela agindu zuela enpresako zuzendaritzak, eta horietan sartzea debekatu zuela; zuzendaritzako kideak lantegira iritsi arte, behintzat.

Zuzendaritzako kideak heldu zirenean, instalazioak miatu zituzten, horren "lekukorik gabe". LABek jakinarazi duenez, besteak beste, langile batzordeak landutako "dokumentazio guztia" zegoen instalazio horietan.

Hurrengo egunean, maiatzaren 4an, bulegoak itxita topatu zituzten beharginek. Kartel bat zegoen jarrita sarreran, bulegoetara sartzea galarazten zuena. Langile batzordeko sindikalista baten ordenagailua desagertu zela azaldu du LABek; kide hori lantokiko bulegoan aritzen da lan sindikalean, eta bulego hori ere inolako "baimenik eta justifikaziorik gabe" miatu zuten.

Enpresako zuzendaritzaren erantzun "autoritarioa" salatu du LABek. "Gure kezka adierazi nahi dugu epaiketari begira garrantzitsuak izan daitezkeen frogak manipulatu ahal izan direlako", esan du bestalde.

EZ DAGO IRUZKINIK