AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Artxiboko irudi bat. Argazkia: Errotxapeako Gaztetxea
2021/08/30 11:17

Biharko, irailaren 2rako, dago ezarrita Errotxapeako Gaztetxearen (Iruñerria, Nafarroa) desalojoa. Gaztetxeko kideek abuztuaren 12an jakinarazi zuten esku artean zutela jada prozesu judizialeko sententzia, eta han ageri zela huste eguna ere. "Gaztetxeak antolatzeko eta sistemari aurre egiteko beharrezkoak" direla nabarmenduta, Errotxapeako Gaztetxea defendatzera dei egin zuten orduan.

Ordutik Euskal Herriko hamaika txokotatik adierazi diete babesa Errotxapeako Gaztetxeko kideei (behean daude ikusgai irudietako batzuk), Espaziorik gabe antolatzerik ez lelo hartuta, besteak beste. Bihar 08:30ean gaztetxera bertaratzera deitu dute haiek, ordu horretan hasiko baita kontzentrazioa eraikin aurrean.

Poliziaren presentzia itogarria

Errotxapeako Gaztetxeko kideek jakinarazi dutenez, Iruñeko Udaltzaingoaren presentzia itogarria da joan den astelehenetik. Astelehen arratsaldean, hain justu, eraikinera sartzea debekatu zieten udaltzainek, eta ateko giltza kendu zieten. Gazteek giltza lortu zutenean, polizia-agenteek esan zieten identifikatu egin behar zituztela gaztetxera sartu nahi bazuten.

Bestalde, astea hasi zenetik gutxienez zazpi kide identifikatu ditu poliziak. Atzo, esaterako, pankarta bat jartzen ari zirela izan ziren identifikatuak hiru lagun, eta astelehenean, berriz, beste bi pertsona identifikatu zituzten gaztetxe aurrean.

Bost urte martxan

Errotxapeako hainbat gaztek 2016ko irailaren 3an birjabetu zuten Caser izeneko industria-nabea. Hainbat urte zeramatzan hutsik, eta gaztetxe bilakatu zuten. Ordutik, eta birjabetzea zela-eta, auzoko hiru gazte egon dira auzipetuta. Gaztetxeko kideek azaldu dute "sistemari aurre egiten dion jende guztia erreprimitzen" duela botere judizialak, eta "botere kapitalistaren eta jabetza pribatuaren alde" diharduela.

Gaztetxearen aurkako auzibidearen emaitza izan da eraikina husteko agindua. "Antolatu ahal izateko" gaztetxeek duten garrantziari azpimarra egin die Errotxapeako Gaztetxeak, eta azaldu du "gatazka sortzen" dutela halako proiektuek, "haien mugak gainditzeak burgesiak inposatutako ordena zalantzan jar" dezakeelako.

Hala, gogora ekarri du "gaztetxeen existentzia berma dezakeen defentsa erreal bat lortzeko" sortu zela Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sarea, eta horren parte dela Errotxapeako Gaztetxea bera ere. "Sistemari aurre egiteko eta geure burua defendatzeko salbatu gaitzakeen gauza bakarra elkartasuna gero eta eskala handiagoan antolatzea da", gaineratu dute gaztetxeko kideek.

Hemen, langile kontrolpeko hainbat espaziotatik, Errotxapeako Gaztetxeari babesa adierazteko helarazitako hainbat argazki:

EZ DAGO IRUZKINIK