Ertzaintzako agente batek apirilean jo zuen Iker Arana foam jaurtigai batekin, Errekaldeko (Bilbo, Bizkaia) Etxarri II Gaztetxearen desalojoan egindako kargetan. Tiroaren ondorioz, barrabil bat galdu zuen bilbotarrak. Ertzain horrek gaur deklaratu du lehenengo aldiz Bilboko epaitegian, Eusko Jaurlaritzak uztailean jakinarazi ostean identifikatu zuela, ustez, nork egin zuen tiro Aranaren kontra.
Gaurko deklarazioa zela-eta, mobilizazio-deialdi bat egin zuen Justizia Arana plataformak, eta hainbat eta hainbat lagun elkarretaratu dira eguerdian epaitegiaren aurrean. Poliziaren inpunitatea salatu eta protesta-eskubidea aldarrikatu du plataformak.
"Kasu honek eta azkenaldian izan diren beste batzuek agerian uzten dituzte Ertzaintzaren bortizkeria eta inpunitatea", plataformak nabarmendu duenez, eta ohartarazi du halako gertaerek erakusten dutela "protestarako eskubidea ez dagoela bermatuta". "Ez da onargarria Gaztetxe bati elkartasuna adierazteagatik Ikerri gertatu zitzaiona gertatzea", azaldu du, eta aldarrikatu du legitimoa dela "injustizien aurkako protesta", "beharrezkoa" dela "Gaztetxeak defendatzea" eta ezinbestekoa dela "kriminalizazioari aurre egitea".
Justizia Aranarentzat plataformaren esanetan, bere helburua da "etorkizunean antzeko beste kasurik ez gertatzea", baina uste du, horretarako, "erantzukizun guztiak argitu" behar direla. "Mobilizazio sozialaren" garrantzia azpimarratu du bide horretan.
Apirilaren 3an, Errekalden, hainbat pertsona atxilotu edo zauritu zituen Ertzaintzak, tartean Iker: foam bala bat bota zuten bere kontra eta mutilatu egin zuten zaurien ondorioz. Poliziaren inpunitatearen aurka, uztailean aurkeztu zuten Justizia Aranarentzat, hainbat exijentzia oinarritzat hartuta: hala nola, foam balak eta eskopetak debekatzea, polizien identifikagarritasuna bermatzea eta brigada mugikorraren desegitea.