Ia urtebete Etxarriren desalojotik: Poliziaren inpunitatea salatu du Justizia Aranarentzat plataformak

Datorren astean beteko da urtebete Errekaldeko (Bilbo, Bizkaia) Etxarri II Gaztetxea bortizki hustu zutenetik eta Ertzaintzak dozenaka pertsona atxilotu edo zauritu zituenetik, besteak beste, Iker Arana: foam jaurtigai batekin jo zuten ertzainek, eta barrabil bat galdu zuen horren ondorioz. Urteurrenaren atarian, agerraldi bat egin du Justizia Aranarentzat plataformak, iralarra zauritu zuten toki berean. Poliziaren inpunitatea salatu eta arduradunek erantzukizun gehiago hartzea eskatu zuen, gau hartan ertzainek tiro egiteko agindua jaso zutela eta gomazko pilotak ere erabili zituztela oroitaraziz.

Plataformak epaitegietan eskatu du jada momentu horretan ertzainen arduradun gisa aritu zen agenteak deklaratu dezala, Aranak jasandako mutilazioaren erantzule modura. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arduraz ere ohartarazi du, dena den, operazio polizial horren "erantzukizun politikoa" berea delakoan. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak berak esan zuen hurbiletik ezagutzen zuela operazioa.

Grabazioak ezkutatzeko saiakera eta gezurrak

Atzoko prentsaurrekoan, Aranak salatu zuen "frogak ezkutatzen eta etengabe gezurretan" ari dela Ertzaintza. Segurtasun Sailak ertzain bat seinalatu zuen, Aranaren aurka tiro egin zuen agente gisa, eta bera dago ikerketapean auzi horretan. Ikerrek atzo jakinarazi zuen, ordea, epailearen aurrean gezurra esan dutela bai polizia horrek bai lekuko modura deklaratu duten bere kideek, adierazi baitute jendea botilak botatzen ari zela Gaztetxe inguruan eta polizia-lerroa gainditu zuela berak. Justizia Aranarentzat plataformak otsailean argitaratu zuen ertzainen bertsioa gezurtatzen duen bideo bat.

"Egin nuen gauza bakarra besoak altxatzea izan zen, arrazoirik gabe tiro egin zigutela aurpegiratzeko. Une hartan zuzenean apuntatu eta tiro egin zidaten", zioen Aranak. Salatu zuen, gainera, bizilagun batek grabatutako bideo horregatik ez balitz, auzia artxibatuko luketela ziur asko, "beste hainbatetan gertatu den bezala". Plataformak gogoan izan ditu, hain zuzen ere, Ertzaintzak zauritutako Xuhar Pazos eta Amaia Zabarteren kasuak.

Ertzaintzak ez ditu operazioan parte hartu zuten polizien bodycam-etako irudiak erakutsi oraingoz. Ertzaintzak berak 35 agenteren grabazioak aztertu omen ditu, baina ez du horietako bat bera ere aurkeztu froga bezala. Irudiak ikusteko eskaera egin zuen Aranaren abokatuak, baina entzungor egin diote bai Ertzaintzak bai epaileak.

Beste hiru ertzain ikerketapean, bi gazte jipoitzeagatik

Otsailean jakin zenez, Ertzaintzako beste hiru agente ere ikerketapean daude, baina apirilaren 3ko gau hartan bi gazte jipoitzeagatik kasu horretan. Jipoitutako pertsonetako batek ere hartu zuen hitza atzoko agerraldian: "Lehenik hainbat kolpe eman zizkiguten lurrean; ondoren, eskuburdinak jarrita eta furgoneta barruan, kolpe gehiago eman zizkiguten iseka artean". Gazteen salaketa onartu eta ikerketa judiziala abiatu zuen epaileak, baina, prozesu horretan ere, Ertzaintzak ez ditu polizia horien bodycam-etako irudiak epaitegian eman.

Protesta egiteko eskubidearen alde

Apirilaren 3ko operazio polizialaren helburua "Errekaldeko Etxarri Gaztetxearen desalojoaren aurka protesta egitera joan ziren pertsonak bortizki erreprimitzea" zela salatu zuen atzo Justizia Aranarentzat plataformak, eta uste du gertakariek erakusten dutela protesta egiteko eskubidea ez dagoela bermatuta: "Ikerri Gaztetxe baten alde elkartasuna adierazteagatik egin zioten tiro, eta barrabil bat galdu du horregatik. Paperaren gainean protesta eskubidea onartuta dagoen arren, Poliziak eta haien arduradun politikoek erabakitzen dute noiz, nola eta zeren alde egin daitekeen protesta". Horiek horrela, Ikerrentzat justizia exijitzen jarraituko duTela aldarrikatu zuTen plataformatik, "Poliziaren inpunitatearen aurka zein protesta eskubidearen alde mobilizazio soziala indartzera" deituz.