AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/02/04 10:28

2025eko apirilaren 3an Iker Arana zauritzeagatik eta mutilatzeagatik ikerketapean dagoen ertzainak epailearen aurrean deklaratu du jada, instrukzio-prozesuan, baina ez ditu gertakariak onartu. Are gehiago: kasua artxibatu dadila eta ertzaina zigorgabe utz dezatela eskatu du defentsak. Horiek horrela, egun horretan gertatutakoa argitzen duen bideo bat argitaratu du Justizia Aranarentzat plataformak.

Ikerketapean dagoen ertzainak 20 metro inguruko distantziara egin zuen tiro Ikerren aurka, Etxarri II Gaztetxearen (Bilbo, Bizkaia) desalojoari lotuta egindako kargetan. Instrukzio-fasean deklaratu duten ertzainek adierazi dute "ezinezkoa" dela distantzia horretatik foam jaurtigai batekin jota norbaitek testikulua galtzea, eta horri heldu dio defentsak agentea babesteko, Justizia Aranarentzat plataformaren esanetan. Hori gutxi balitz, Arana seinalatu du poliziaren abokatuak: segurtasun-lerroa gainditu zuela eta kristalezko botilak jaurti zituela esan du defentsak, baina "errealitatea oso bestelakoa izan zen", Justizia Aranarentzat plataformak argitaratutako irudiek erakutsi dutenez.

Tiro zuzen bat barrabiletara

Bideoak erakusten du nola, Errekalden, momentu lasai batean egin zuten tiro ertzainek. Orduan, kexatu egin ziren bertan zeuden hainbat pertsona, tartean Iker: besoak altxatuz hurbildu zen poliziengana, protesta modura. Grabatutako irudietan ikusten da, dena den, ez zuela segurtasun-lerroa igaro eta ez ziela ezer jaurti agenteei.

Ertzain batek momentu horretan egin zuen tiro Aranaren kontra: zuzenean barrabiletara bota zion foam bala bat, zauri larriak eta testikulu bat galtzea eraginez. "Barrabilaren apurketa, gau hartan bertan Basurtuko Ospitalean egindako mediku-txostenean baieztatu zena, Ertzaintzak jaurtitako foam bala hark eragin zuen", zehaztu du Justizia Aranarentzat plataformak.

Abokatua, ezaguna Ertzaintzaren alde aritzeagatik

Jose Antonio Bitos da Iker zauritu zuen ertzainaren abokatua, aski ezaguna Euspel sindikatu polizialaren alde jarduteagatik. Baina ez da horretara mugatzen bere lana: azkenaldiko hainbat kasu aipatzeagatik, joan den urriaren 12an Gasteizen Falangearen aurka izandako mobilizazioen auzian, akusazio partikular gisa aurkeztu da Bitos ikertuak izaten ari diren antifaxisten kontra; eta Etxarri II Gaztetxearen desalojoari dagokionez, egun horretan atxilotutako bi gazte jipoitzeagatik ikerketapean dauden zenbait ertzainen abokatua ere bada, Justizia Aranarentzat plataformak ohartarazi duenez.

Poliziaren inpunitaterik ez

Plataformaren hitzetan, "kasu honek eta azkenaldian ikusten ari garen beste batzuek bi auzi mahaigaineratzen dituzte": "batetik, Ertzaintzaren bortizkeria eta inpunitatea; bestetik, protestarako eskubidea ez dagoela bermatuta". Eta sakondu du: "Iker mutilatu egin zuten Gaztetxe baten desalojoaren aurka elkartasuna adierazteagatik. Erreprimitua izan gabe protesta egiteko eskubideak bermatuta behar lukeen arren, Ertzaintza eta Eusko Jaurlaritza kontrako zentzuan ari dira; estatu poliziala indartzen, mobilizatzen den jendea erreprimitu eta kriminalizatzeko".

Plataformak, hortaz, Aranaren kasuan "erantzukizun guztiak argitu" daitezela exijitu du: "Gure helburua Ikerren kasuan inpunitatea ez gailentzea eta etorkizunean halako beste kasurik ez gertatzea da". "Antolakuntzaren eta mobilizazio sozialaren garrantzia" nabarmendu du, "inpunitate polizialari aurre egin eta protesta-eskubidea bermatzeko". "Era horretan soilik lortuko dugu Ikerrentzat justizia egitea".

EZ DAGO IRUZKINIK