Borrokan jarraitzen dute Santurtziko (Bizkaia) Limpiezas Sirkari eta Limpiezas Lombide enpresetako emakume langileek. Sektorean ohikoa den modura, Sirkarik Lombide subrogatu zuen iaz, eta beharginek hilabeteak daramatzate haien lanpostuetan jasaten duten egoera salatzen eta lan baldintzen hobekuntzaren aldeko borrokaldian.
Izan ere, azaldu dutenez, "benetan lan egiten dutena baino ordu kopuru txikiagoarekin kontratatuta daude, eta horrek kasu askotan soldata eta kotizazio murrizketa oso garrantzitsua dakar".
Horretaz gain, iaz, eritasun baja hartzera zihoan langile bat kaleratu zuen Limpiezas Sirkarik, eta orain, ez dago prest bera lanerako berriro hartzeko. Beharginen arabera, aurretik Lombiden jarduten zuen kaleratutako emakumeak, eta enpresak "ezagutzen zuen Lombiden duen afiliazio sindikala".
Erantzuna
Bi enpresek jazarpenarekin zein errepresioarekin erantzun diote langileek abiatutako borrokaldiari, haiek salatu dutenez. "Gure lankideez libratu nahi dute, 200 langile baino gehiago dituen enpresa batean aurrekaririk gerta ez dadin", adierazi du CNTk.
Hortaz, Lombideko eta Sirkariko emakume langileak kalera aterako dira bihar, larunbata. 12:00etan hasiko da manifestazioa, Kabiezeseko biribilgunetik. Modu horretan, haien borroka eta aldarrikapenak kaleratu nahi dituzte, enpresaburuen erantzuna salatzearekin batera.
Borroka ugari sektore feminizatuetan
Azkenaldian makina bat borroka piztuta daude sektore feminizatuetan: Gipuzkoako zahar etxeetako langileak, hezkuntzako garbitzaileak, etxez etxeko langileak, Trapagaran eta Elorrioko Versia Contact Center, eta abar.
Guztietan, antzeko jopuntuak eraman dituzte erdigunera beharginek: soldata baxuak, kotizazio baxuak, edota bizi duten diskriminazioa.