AKTUALITATEA / Greba
BetiOn telelaguntza enpresako langileek greban jarraitzen dute
Lan-hitzarmena berritzea helburu, grebari ekin diote berriro irail honetan, matxoan hasitako borrokari jarraipena emanez. Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak bete ez eta grebalariak ordezkatu dituela salatu dute beharginek.
2022eko irailaren 15
BetiOn telelaguntza enpresako langileek greban jarraitzen dute
— ARGAZKIA LAB

Joan den martxoan hasi zuten greba BetiOn telelaguntza zerbitzuko langileek, hitzarmena berritzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu publiko horretaz arduratzen da enpresa eta, beraz, erakunde publikoaren lizitazio bati esker du zerbitzuaren eskumena. Hura berritzeko lehiaketa aurkeztu du aurten Jaurlaritzak, "71 milioi euroko aurrekontuarekin", greba batzordeak ohar batean azaldu duenez.

Testuinguru horretan, greban jarraitzen dute BetiOn enpresako langileek; "hitzarmena defendatu" zein haien lana "sektoreko beste lan batzuekin parekatu" nahi dute. Irailean greba egitera deitu zuten Bilboko (Bizkaia) Aste Nagusian eta, hala, lanuzteei ekin zieten hilabete honen hasieran. Grebari eutsiko diote langileek hilabete osoan zehar; 24 orduko lanuzteak egingo dituzte hilabete batez, hain zuzen ere.

Izan ere, urte osoan zehar eta eguneko 24 orduetan martxan dagoen zerbitzu bat da BetiOn enpresako langileek eskaintzen dutena. Aitzitik, Jaurlaritzak ez ditu gutxieneko zerbitzuak bete beharginen greba egunetan; langileek salatu dutenez, gainera, grebalariak ordezkatu ditu aldi baterako kontratuen bidez.