AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Langileen mobilizazio bat ekaineko lanuzte batean. ARGAZKIA / UGT
2022/10/10 12:31

Oraingoz ez dago Bizkaiko metaleko itunari buruzko akordiorik FVEM patronalaren eta langileen ordezkarien artean, eta patronala elkarrizketak blokeatzen ari dela diote sindikatuek. Hala, hiru greba egunetara deitu dute berriki; urriaren 27an eta 28an eta azaroaren 2an izango dira lanuzteak. 52.000 behargini eragiten die Bizkaiko hitzarmenak; Euskal Herrian zabalduen dagoen ituna da.

LAB, CCOO, UGT, CGT, CNT eta ESK sindikatuek egin dute deialdia —ordezkaritzaren gehiengoa osatzen dute—, eta deialdi propioa egin du gerora ELAk. Aurreko ituna, zehazki, LABek, CCOOk eta UGTk sinatu zuten, baina iazko abenduan agortu zen. Besteak beste, urtean 18.416 euroko gutxieneko soldata barne hartzen du akordioak.

Une honetan, sindikatu guztiak ez doaz eskutik; dirudienez, Arabako metalgintzako hitzarmena sinatu ostean aldendu zen ELA, eta orain, proposamen desberdinak dituzte Bizkaiko negoziaketen harira egin beharreko urratsei buruz.

Urriaren 13an bilduko dira berriz sindikatuak eta patronala; hamabi bilera egin dituzte oraingoz. Patronalaren jarreraz kexu dira, baina, sindikatuak. "Malgutasunaren aurkako neurriak leuntzea eskatu du, eta bajen osagarriak murriztea", dio CCOOk. Esaterako, une honetan 100 orduko lanordu-poltsa bat daukate eskuragarri enpresek, "beharra" dagoen uneetan, beharginen lanaldiak luzatzeko; poltsa horretako lanordu kopurua areagotzea eskatzen du orain patronalak.

Bestalde, Bizkaiko metalgintzako langileen soldatak KPI+%1 eguneratzea eskatzen dute sindikatuek, baina %8,75eko igoera bat eskaini du patronalak: %3,25eko soldata-igoera bat egongo litzateke aurten, %3koa 2023an, eta %2,5ekoa 2024an. Langileen ordezkariek diote igoera hori oso urrun dagoela KPIarengandik, eta patronalek ez dutela borondaterik soldatak eguneratzeko sistema KPIari lotuta egoteko.

EZ DAGO IRUZKINIK