Beste gazte migratzaile baten gorpua atzeman zuten atzo, azaroaren 20an, Bidasoa ibaian. Irungo (Gipuzkoa) uretan atzeman zuten, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugatik gertu. Antza, jatorri afrikarrekoa da hildakoa.
Urtea hasi zenetik, gutxienez zazpi pertsona migratzaile hil dira Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga igaro nahian. Horien artean hiru izan dira, hain justu, muga-bidea Bidasoa ibaiaren bidez gurutzatzen saiatu eta bizia galdu dutenak —Boli Kostako lagun bat ito zen han maiatzean, eta Gineako pertsona bat abuztuan—.
Frantziako nahiz Espainiako estatuetako polizia-kontrolak etengabeak dira muga-bidean, eta Frantziako Estatuak, gainera, urrian jakinarazi zuen beste urte erdiz luzatuko dituela mugetako kontrol iraunkorrak.
Hala, gero eta gehiago dira, kontroletatik ihesi, bide are arriskutsuagoetara jo behar izaten duten pertsonak. Besteak beste, igerian edo trenbideen bidez saiatzen dira mugitzen. Urriaren 12an hiru migratzaile hil ziren Ziburun (Lapurdi), tren batek harrapatuta. Aste honetan bertan, gainera, gazte migratzaile bat zauritu da Donibane Lohitzune (Lapurdi) eta Getaria (Lapurdi) udalerrien artean; trenbidetik zihoala, trenaren ufakoak bota zuen.