Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora! lelopean, milaka pertsona batu dira Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) egindako mobilizazio deialdira. Aurreko larunbatean, urtarrilaren 25ean, jendetza irten zen kalera Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa), Mendebaldeko oligarkiaren agendari ezetz esateko: euste-horma bat jarri nahi diote faxismoari, eta gerraren aurkako jarrera hegemoniko bilakatu nahi dute langilerian.
Balorazio-oharrean, GKSk dio larunbatean milaka lagunek adierazi zutela "gerrari eta faxismoari aurre egingo diegula". "Mendebaldeko agintariak inolako oposiziorik gabe beren agenda belizista ezartzen ari dira, langileon aurkako austeritate-politikak aho batez aplikatzen eta, bien bitartean, faxismoa indarra hartzen ari da eremu guztietan", ohartarazi duenez. Hala ere, urtarrilaren 25eko manifestazioen bidez, mezu argi batzuk eman direla nabarmendu du: "Dena ez dela erreakzioa eta despolitizazioa erakutsi dugu. Kaleak hartu ditugu gerra inperialistaren aurka, agenda belizistari gure ezezkoa emateko eta faxistek aurrean izango gaituztela argi izan dezaten".
Elkarlanerako eskua luzatu du GKSk
Gazte-antolakundeak beharrezkotzat jo du, "berandu baino lehen, langile-klasean gerraren eta faxismoaren aurkako ideiak zabaltzea". Eta uste du, horretarako, funtsezkoa dela "langile-klasearen batasuna eraikitzen joatea", "langile-klaseko mugimendu eta kolektiboen arteko lankidetza inoiz baino gehiago indartuz". Gaineratu du, "agenda erreakzionarioaren aurka, eskubide politikoen aldeko langileon autodefentsa eraikitzea" ezinbestekoa dela, bai eta "kapitalisten gerra kulturalari aurre egitea" ere. Hortaz, berriz luzatu die eskua langile-klaseko eragileei, "faxismoari aurre egiteko".
Borrokarako deia nazioartean
Larunbateko mobilizazioetan presente egon zen borroka Euskal Herritik kanpo hedatzeko deia, eta balorazio-oharrean nahi hori berretsi du GKSk. "Gerraren arriskuari eta faxismoari benetan aurre egiteko, beharrezkoa da langileriaren nazioarteko alderdi iraultzailea berrosatzea", esan du: "Dei egiten dugu Euskal Herritik kanpo ere borrokatzera eta antolatzera". Aldarrikatu du lanean segituko duela, "oligarkiaren agendaren aurka eta langileon batasuna bultzatuz, sozialismoaren aukera errealitate bihurtzeko". Eta ohar egin du, gainera: "Gazte langileok borroka horren lehen lerroan egongo gara".
Konpromiso militantea eta jazarpena
Antolakundeak jakinarazi du urtarrilaren 25eko mobilizazioek balio izan diotela, "Euskal Herriko gazte askorekin, faxismoaren eta oligarkiaren agenda erreakzionarioaren aurkako lana egiteko". "Manifestazio hau ez litzateke posible izango ehunka militantek hilabete hauetan egindako lanik gabe", seinalatu du, "antolatzen eta borrokan jarraitzeko borondatea" berresteaz gain. Horri lotuta, mobilizazioei begirako lan politikoa egiten ari zirela dozenaka gaztek jasandako jazarpena salatu du, identifikazioak eta isunak izan baitira. "Eskubide politikoen defentsan lanean jarraituko dugu", dio.