AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/06 20:16

Joan den larunbatean, agerraldi bat egin zuten Beasainen (Gipuzkoa) Goierriko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak eta eskualde horretan martxan jarritako Indarkeria Matxistari Aurre Egiteko Asanbladek. Modu horretan atera zuten mahaira Beasainen nabarmena den "urgentzia bat": "indarkeria matxista etxe giroan pairatzen duten eta babes sozial zein baliabide ekonomikoen gabezian aurkitzen diren emakume langileek ez dute egoera horretatik ateratzeko aukera duinik herrian. Izan ere, gaur-gaurkoz, Beasainen ez da existitzen egoera horri aterabidea emango liokeen babes pisurik".

Salatu zuten, gainera, Beasaingo Udalak "ez daukan baliabide bat eskaintzen duela faltsuki bere web-orrialdean, udal titularitateko emakumezkoen babes etxe zehatz baten eskaintza egiten baitu, errealki ez dagoena". "Informazio faltsu hori emakume langilearenganako engainu bat da, eta gainera, berdintasun aldarriekin lortu nahi duten aurpegi zuriketaren atzean ezkutatzen den borondate eta baliabide ezaren isla", gaineratu zuten agerraldian. "Instituzio burgesen fartsa" seinalatu zuten, hala.

Hortaz, udalari exijitu zioten "hain oinarrizkoa den baliabide hori [babes pisua] berreskura dezala". "Badakigu babes pisu batek ez diola inondik inora indarkeria matxistaren errealitateari aterabide errealik ematen. Izan ere, ulertzen dugu, indarkeria matxistarekin amaitzeko, martxan jartzen dugun borroka orok helburu izan behar duela egoera hori normalizatzen duen gizarte eredua gainditzea", argitu zuten: "Hala ere, horretara bidean, gaur-gaurkoz beharrezko eta oinarrizko babes mekanismo modura ulertzen ditugu babes pisuak, herri guztietan presente egon beharko liratekeenak".

Udalari exijentzia hori egiteaz gain, "indarkeria matxistari nahiz, oro har, emakume langileon kontrako zapalkuntzari aurre egiteko, instituzio burgesen fartsatik kanpo antolatzeko deia" egin zuten Itaiako kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK