AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / LAB.
2024/12/04 14:02

Bizkaian eta Gipuzkoan, basogintza sektoreko hilgarritasunak gora egin du azken lau urteetan. LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek salatu dutenez, igo egin da hilkortasun tasa eta, gaur egun, "eraikuntza baino 10-15 aldiz hilkorragoa da, langile kopurua ikusita". Izan ere, Euskal Herrian, "nekez izango ditu 1.000 langile" sektoreak, baina gutxienez bederatzi langilek galdu dute bizia azken hiru urteetan. Horietatik zortzi eredu "intentsiboan" ari ziren lanean. 

Basogintzako lan-baldintzak oso kaskarrak direla nabarmendu dute sindikatuek, eta hainbat dira arriskua biziagotzen duten faktoreak. Bideragarritasun ekonomiko txikiko sektorea dela azaldu dute, "ustiatutako materialaren balioa oso eskasa" delako. Horregatik, lanaldi luzeak egiten dituzte beharginek, maiz, goizeko 07:00etatik arratsaldeko 19:00etara jarduten baitute, larunbatak barne.

Horretaz gain, basoko lanetarako makineria "zaharra eta desegokia" erabiltzen dute "malkar handietan", eta, hori ez ezik, "lan-erritmo oso altuak" izaten dituzte langileek.

Matarrasak eragin du hilgarritasunean

Ohartarazi dutenez, asko aldatu da sektorea azken urteetan, eta eragina izan du horrek arriskuan. Basogintzak "berezko arriskuak dituela bistan da", sindikatuen esanetan, baina "eredu intentsiboak arrisku horiek nabarmen areagotzen" dituela diote. 40ko hamarkadaz geroztik, zuhaitzak asko hazi direla eta, "denbora-ziklo motzetan", matarrasa moduan ateratzen direla azaldu dute. Horrek bai mendi-lurrak bai basoko lanak aldatu ditu.

Matarrasa lantzeko, "makineria astuna erabiltzen da eta mendian pistak irekitzen dira, egurra atera ahal izateko". Lan horiek "lur-eremu pribatu txiki, bakan eta urrunetan egin behar izaten dira", sindikatuen arabera, eta, ondorioz, lan-baldintza txarretan aritzen dira beharginak, arriskuei aurre egiteko prebentzio-neurririk gabe eta formakuntza faltarekin. "Modu isolatuan" lan egiten dute, eta azpimarratu dutenez, laneko araudia nekez errespetatzen da. 

Baso-politika alda dadila exijitu dute langileek

Joan den azaroaren 27an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostian duen egoitza aurrean batu ziren sektoreko hainbat behargin, euren lan-baldintzak salatzeko eta hainbat neurri eskatzeko. Hasteko, lurren "okupazioa orekatzea" exijitu zuten, hau da, "eperik laburrenean, %30etik beherako malda duten lur-azalerak elikagaiak ekoizteko erabiltzea". Bigarrenik, lur publikoetan basogintza intentsiboa debekatzea eskatu zuten, "mozketak eta matarrasak alde batera" uzteko.

Lur pribatuetan, lan-arriskuaren araberako "zonifikazioa" ezartzea ere eskatu zuten, hirugarrenik. Horrela, %60ko malda edo gehiago duten lur-azalerak "baso autoktonora" bideratzea proposatu zuten, bai eta matarrasak baztertzea ere. Azkenik, lan-istripuen prebentzioa sustatzea, lan-ordutegiak mugatzea, formakuntzak bermatzea eta iruzurrak ekiditeko kontratazioa zehaztea exijitu zuten.

EZ DAGO IRUZKINIK