AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / 65 Y MÁS
2023/03/14 00:00

1.080 euroko gutxieneko pentsioak eskatzeko borrokan jarraitzen du Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Oraingoan, baraualdi baten bidez egingo dute protesta Bilboko (Bizkaia) lokal batean: bost eguneko itxialdia izango da, txandakakoa, eta egunean 30 lagunek egingo dute barau, Euskal Herriko hainbat eta hainbat tokitatik bertaratuta. Atzo izan zen itxialdiaren aurreneko eguna, eta pentsiodunek mobilizazioz eta ekimenez betetako aste bat antolatu dute berriz ere. Aste honetako protestak biribiltzeko, larunbatean, pentsio "duinak" aldarrikatzeko manifestazio bat egingo dute Bilboko kaleetan barrena.

Pentsiodunen Mugimenduak duela bost urte hasi zituen pentsio duinen aldeko mobilizazioak Hego Euskal Herrian, eta erdigunean egon den aldarri nagusietako bat izan da 1.080 euroko gutxieneko pentsioarena, urtean hamalau ordainketarekin. Behin eta berriz aldarrikatu dute horixe dela "oinarrizko diru-sarrera bat", "pertsona pentsiodun batek bizitza duin batera sarbidea izan dezan zahartzaroan".

Salatzen dute energiaren nahiz oinarrizko elikagaien prezioak etengabe ari direla igotzen, eta "orokorrean pertsonen eta bereziki pertsona nagusien eta pentsiodunen bizi-baldintzak okerrera egiten" ari direla, "finantza- eta energia-oligopolioen irabaziak hazten" ari diren bitartean. Erakunde publikoek pentsiodunen eskaerak bete gabe jarraitzen dutela gaitzetsi dute, eta horregatik erabaki dute orain "jarrera gogortzea".

Hilean 800

Pentsiodunen Mugimenduak jakinarazi duenez, azkeneko %8,5eko igoera ezarrita ere, Hego Euskal Herriko pentsiodunen %30ek dituzte hilean 800 eurora ere iristen ez diren pentsioak. Alegia, 199.800 pertsona daude egoera horretan, eta horietatik 152.600 dira emakumeak. %39,2 dira hilean 1.000 euro jasotzera ere iristen ez diren pentsiodunak.

EZ DAGO IRUZKINIK