Barakaldoko Udaltzaingoak kale-egoeran zeuden bi pertsona zauritu zituen tiroz 2024ko martxoaren 21ean. Garbigunetik hurbil dagoen tunel batean babes hartuta zeuden zenbait lagun, baina polizia-indarrek haiengana jo zuten, bertatik botatzeko. Desalojo saiakeran, haien aurka tiro egin zuen udaltzainetako batek, eta bi lagun zauritu zituen. Larri utzi zuen haietako bat, sorbaldan, bularrean eta buruan jo baitzuen tiroz.
Gertakari horiek direla-eta, prozesu judizial bat dauka zabalik Barakaldoko 4. Instrukzio Epaitegiak, eta udaltzain bat dago ikerketapean. Hala ere, Barakaldoko Udalaren "erantzukizun zibil subsidiarioa" ere hartu du aintzat auzitegiak, Barakaldo Digital atariak jakinarazi duenez.
Hedabideak aipatzen duen txosten ofizial baten arabera, "inprobisazioa" eta zenbait "urraketa" izan ziren operazioan Poliziaren aldetik, eta udalak ez zuen bere gain hartu etxerik gabeko pertsonen auzian dagozkion betebehar legalak. Itxura denez, EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeak egin du txosten hori.
Bere momentuan, esku-hartze polizial bortitza justifikatzeko, biktimek arma zuriren bat zutela argudiatu zuten bertsio ofizialean, El Correo-ren bidez besteak beste. Herritarren Segurtasun zinegotziak, Angel Madrazok (PSOE), gerora ere defendatu du udaltzainen interbentzioa: tunelean zeuden "jatorri magrebtarreko" pertsonek labana bat zutela nabarmendu du berriz.
2024ko apirilean, 70 kolektibok egin zuten bat operazio poliziala salatzeko, eta arrazistatzat, "neurrigabetzat" eta "guztiz biolentotzat" jo zuten.