Barakaldon (Bizkaia), emakume bat indarrez izan dute pisu batean bahiturik, eta bere burua prostituitzera behartu dute, 21 egunez. Gizonezko batek eta emakume batek iruzur egin zioten, Madrildik Barakaldoraino mugi zedin, ustez, garbiketa-lanetan aritzeko. Bizkaira heltzean, baina, esplotatzaileek jakinarazi zioten prostituzioan aritzera behartuko zutela, eta nortasun-agiriak kendu zizkioten. Hain zen muturrekoa emakumearen egoera, ezen iruzurgileek egindako Bizum baten bidez ordaindu zuela Barakaldora mugitzeko bidaia.
Behin Bizkaian bahitu eta prostituzioan aritzera behartu zutenean, basatia izan zen inposatu zioten esplotazioa: gutxienez 47 gizonezkorekin sexu-harremanak izatera derrigortu dute 21 eguneko epean. 30 minutuko "zerbitzu" baten truke 50 euro ordaintzen zituzten bortxatzaileek, baina horietatik 40 euro gelditzen ziren esplotatzaileen esku. Gainera, sexu-harremanak kondoirik gabe izatera eta bere bortxatzaileekin drogak hartzera behartzen zuten esplotatutako emakumea.
Hainbat komunikabideren arabera, In GĂ©nero Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GBE) emandako abisu bat dela-eta hasi zen gertakarien inguruko ikerketa. Bi esplotatzaileak atxilotu dituzte jadanik: 49 urteko gizonezko kolonbiar bat, eta 25 urteko emakume paraguaiar bat. Barakaldoko epaile baten esku utzi dituzte.