AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Getty
2023/11/15 11:56

Sionistek erabateko blokeoa ezarri dute Gazako Zerrendan urriaren hasieratik, eta horrek ondorio larriak eragin ditu ospitaleetan ere. Argindarrik eta urik gabe, oxigenorik gabe, beharrezko mediku-hornigairik gabe, martxan egoteari eta zaurituak artatzeari utzi behar izan diote Gazako iparraldeko eta Gaza hiriko erietxe ia guztiek. Sekulako ondorioak izan ditzake horrek, milaka eta milaka baitira sionistek, nagusiki bonbardaketen bidez, Gazan zauritutako palestinarrak; zenbaezinak dira jada.

Al-Ahli da Gazako iparraldean martxan dagoen ospitale bakarra, eta, une honetan, 500 pertsona inguru artatzen dituzte han osasun-langile palestinarrek.

Gazako ospitalerik handienean, Al-Shifan, askotariko hornidura faltagatik eta argindar faltagatik, 32 paziente eta hainbat haur goiztiar hil dira azken egunetan. Baliabide gabeziagatik, asko eta asko dira behar bezala artatu ezin dituzten pazienteak eta jaioberri goiztiarrak. 

Astelehenean, hain justu Al-Shifan jo zuten erasora sionistek: ke-bonba handi bat bota eta indarrez sartu ziren erietxera militar israeldarrak, "Hamasen aurkako operazio bat" aitzakiatzat hartuta, orduan ere. Tankeak ere sartu zituzten. Ehunka paziente eta euren gertukoak harrapaturik daude ospitalean, eta badirudi soldadu sionistek galdeketak egin dizkietela askori.

Ospitaleak, etengabe erasotuak

Azken hilabeteetan, sionistek behin eta berriz egin diete eraso kolapsatutako ospitaleei, zaurituz eta babes bila joandako errefuxiatu palestinarrez beteta egon arren. Benetako sarraskiak egin dituzte Gazako erietxeetan, esaterako Al-Ahli Ospitale Bataiatzailean urriaren erdialdean, eta hamaika aldiz jaurti dituzte bonbak hainbat eta hainbat ospitaletara. 

Eraso gupidagabe horiek justifikatzeko, sarri hartu dute aitzakiatzat sionistek "Hamasi aurre egitea". Esan du ospitaleak erabiltzen dituela Hamasek; ustez, azpian tunelak eraikita, edota bahitu israeldarrak hara eramanda. 

Urriaren 7tik hona, Gazan 11.000 palestinar baino gehiago erail dituzte sionistek, bonba bidez batez ere. Hildako palestinarren %40 inguru haurrak ziren: egunean, 178 haur gazatar ari dira erailtzen sionistak, Auschwitzen naziak baino gehiago.

EZ DAGO IRUZKINIK