AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / France Bleu
2023/07/25 12:38

Besteak beste, Txik Txak autobus sarea kudeatzen du Keolis Côte Basque-Adour enpresak, eta borrokan ari dira bertako langileak. Protesta modura, greba bat egingo dute aurki: Baionako (Lapurdi) festetan, lanuztera joko dute. Zehazki, bihar hasi eta uztailaren 30era bitartean egongo dira greban.

Beharginek gogorarazi dute enpresan bi urte eta erdi daramatzatela "egoera gatazkatsuan", eta "okerrera egin" duela "etengabe" Phillippe Monguillot lankidea erail zutenetik eta "erasoaren ondorioz zuzendari berria etorri zenetik". 2020an hil zuten Monguillot autobus gidaria: bidaiari batzuei COVID-19aren kontrako maskara jartzeko eskatu zienean, liskar bat hasi zen eta jo egin zuten, konorterik gabe utzi arte. Ospitalean zendu zen zenbait egunera.

Iaz ere Baionako jaietan greba egitekotan egon ziren Keolisko gidariak. Azkenean, bezperan utzi zuten bertan behera deialdia, lortu baitzuten enpresako zuzendaritzak hainbat lan-baldintza eta segurtasun-baldintzak hobetzea. Sindikatuek diote, baina, aurten huts egin dutela baldintzei buruzko negoziazioek, eta zuzendaritzak behin eta berriz urratzen duela emandako hitza.

EZ DAGO IRUZKINIK